Irisgarritasun beharrak dituzten bezeroei begira

Guaixe 2026ko otsailaren 11

Turismo irisgarriari buruz Altsasuko Iortia kultur gunean egindako jardunaldia. ARTXIBOA

Espezializatutako prestakuntza jardunaldiak eginen dira hurrengo egunetan. Turismoaren arloan lan egin eta arreta publikoa ematen duten lurraldeko eragile estrategikoei zuzenduta daude.

Lurraldea inklusio erreferente bihurtzeko, Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Irisgarritasun Planak bere bide orria jarraitzen du. Estrategia horren esparruan, lurraldea turismo helmuga irisgarri gisa sustatzeko bi prestakuntza espezializatu izanen dira. Cederna Garalur elkartea eta Accesscity enpresak antolatu dituzte ikastaroak. Turismo enpresetako arduradunei eta tokiko turismo eragileei zuzendutako ikastaroak dira eta haien helburua da irisgarritasunaren eta arreta inklusiboaren bitartez balio sozial eta ekonomikoa sortuko duen turismo eredu bat finkatzea.

Alde batetik, irisgarritasun premiak dituzten pertsonei arreta emateari buruzko prestakuntza dago, Enpatian eta praktikan oinarritutako ikaskuntza. Programa ez da mugatuko araudia betetzeko egin beharrekoetara bakarrik, baizik eta hiru eskualdeetako turismo sektorearen lehiakortasuna handitzea du helburu. Parte hartzaileek tresna praktikoak jasoko dituzte desgaitasuna duten pertsonekiko, adinekoekiko eta familiekiko komunikazioa optimizatzeko. Horrekin batera, neurrira egindako protokoloak sortuko dituzte, establezimendu bakoitzari egokitutako zerbitzu jarraibide enpatiko eta eraginkorrak garatuz. Aldi berean, inklusioko erreferente izateko, Plazaola, Sakana eta Ultzamaldea turismo irisgarriko helmuga lider gisa nola kokatu landuko dute. Azkenik, lehia abantaila kontuan hartuz, negozioen merkatu potentziala zabaltzea ahalbidetuko duten kalitate estandarrak ezarriko dituzte. Lurraldea helmuga natural gisa ez ezik, turismo inklusiboaren eta irisgarriaren erreferente ere izatea nahi dute.

Sakanan prestakuntza otsailaren 18an, asteazkenarekin izango da, 09:00etatik 13:00etara, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Izena emateko Interneteko galdetegia bete behar da: labur.eus/4qiyuypo. 

Turismo irisgarria
Antolatzaileek turismo irisgarriari buruzko prestakuntzan antolatu zuten ilbeltzean. Arrakasta ikusita, atzera ere, antolatu dute. Otsailaren 16an eta 17an, astelehen eta asteartean izanen da, 09:00etatik 13:00etara, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Parte hartzaileek saio teorikoan irisgarritasunaren oinarriak, indarrean dagoen araudia eta komunikazio eraginkorrerako gakoak zein diren jakinen dute. Saio praktikoan, berriz, ikasitakoa ingurune errealetan aplikatu eta baliabide turistikoetan auto auditoriak egiteko gaikuntza jasoko dute. Izena emateko Interneteko galdetegia bete behar da: labur.eus/sv5vlgjk. Turismo sektoreko eragileei zuzendutako prestakuntza da, zalantzak argitzeko, beren negozioetan eta zerbitzuetan irisgarritasun katea hobetzeko eta irisgarritasun faktorearen bidez kalitatea hobetzeko.