AHT ibilbide proiektua

AHT azterlanaren inguruan "informatuta egotera" gonbidatu du udalak

Guaixe 2026ko otsailaren 12a

Hainbat etxarriar elkartu ziren kultur etxean. UTZITAKOA

Batzarra antolatu zuen astelehenean eta azterlana, paperean, udaletxean kontsulta daiteke. Alegazioak aurkezteko laguntza emanen du udalak.

Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean jarri du. AHTren egitasmoaren ibilbideren, izango lituzkeen eraginen eta tren publiko eta sozialaren alternatibaren berri emateko batzarra izan zen astelehenean, otsailaren 9an. Hainbat etxarriar elkartu ziren kultur etxean Maria Saez de Albeniz Bregaña alkatearen eta Sakana Trenaren Alde plataformako kide baten azalpenak entzuteko.

Alkateak azaldu zuenez, "ministerioaren azterlanak AHT korridore berri baterako aukerak soilik jaso du, eskualdeen behar zehatzak eta tren garraioaren eredu alternatiboak kontuan hartu gabe". Saez de Albenizek jakinarazi zuenez, "udalak 2022an egindako tren publiko eta jasangarriaren aldeko alternatiba defendatzen du eta AHTaren Iruñea–Altsasu tartearen azterlan informatiboari alegazioak aurkeztu dizkio".  Kexu agertu zen: "hainbat erakundetan aurkeztu zen, baina ez da kontuan hartu azterketa egiteko garaian". 

Saez de Albenizek azaldu zuenez, interesa duenak ministerioaren azterlana udaletxean kontsulta dezake, astegunetan, 10:00etatik 14:00etara. Azaldu zuen azterlana bertan behera uztea eskatzeko alegazioak "edozein pertsonak, erakundek edo elkartek" aurkez ditzakeela. Horretarako epea martxoaren 6an despedituko da. Alkateak azaldu duenez, "udalak etxarriarrei laguntza eskainiko die alegazioak aurkezteko. Informazio gehiago nahi duenak udaleko bulegoan galdetu dezake".