Josu Zabala Salegi, Basajaun, ETAko militantea zen. Mendizale batzuk hilik aurkitu zuten Itziarko Itsaspe auzoko larre batean, Mendata puntan, 1997ko martxoaren 27an. Zabalak bihotzean tiro bat zuen. Bere ondoan pistola bat agertu zen. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen Zabalak. Baina bertsio ofiziala kolokan jartzen zituen datu ugari eman zituen familiak. Martxoaren 29an ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek adierazi zuen Zabala martxoaren 23an hitzordu batera zihoala desagertu zela, eta poliziek bahitu eta hil egin zutela. Egun hartan Korrikaren akabera hartu zuen Bizkaiko hiriburuak. Eibarko auzitegiak auzibidea berehala artxibatu zuen eta erabakia berretsi zuten goi epaitegiek, baita Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere.
Eusko Jaurlaritzari Josurendako biktima eskaera egin zenuten. Erantzunik baduzue?
Nerea. Ez. Duela pare bat hilabete esan ziguten kasuak ebazterakoan atzerapen izugarria zutela. Epea joan zen urtean bukatu zen, baina luzatzen ari dira. Azaroan esan ziguten seiehun eta gehiago espedientearekin zeudela. Josurena bederatziren eta gehiago zenbakia du. Ez dakit asko luzatuko den.
Sekretu Ofizialen Legea aldatzeak edo indargabetzeak zerbait argitzen lagunduko luke?
N. Ziurrenik, bai. Ziurrenik informazioa hor egonen da. Baina ezin gara Estatuaren borondate onaren esperoan egon. Josuren kasuan argia jarri behar da ilunaren gainean, ikerketa bat egin behar da. 29 urte pasata, horretan ari gara.
Hori da aurkeztu duzuen ekimenaren zergatia?
Amaia. Bai. Etxarriar talde bat bildu gara, dozena bat edo. Pako Aristi idazleak ikerketa eginen du urtean zehar. Zabala desagertu zenetik hilik agertu zen arte gertatu ziren gauzak edo nondik norakoak argitzen saiatuko da. Denok ari gara indar egiten ikerketak eta ekimenak martxa har dezan.
Nola sortu zen ekimenaren ideia?
N. Gu beti, ahal genuen neurrian, ahal ziren datu guztiak jasotzen saiatu gara. Baina ezin genituen pauso gehiago eman. Pako Aristi Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (2023, Erein) liburuaren aurkezpenean ezagutu genuen duela bizpahiru urte. Aristik ikerketa egin zuen. Jon Lizarralde eta Susana Arregi hilik agertu ziren eta German Rubenach tiro batekin. Han gertatu zirenak kontatu zituen. Ez zen soilik liburu bat idaztea, baizik eta ikerketa bat egitea. Horren berri izan genuenean pentsatu genuen: "hori da guk behar duguna". Nahi horretan gelditu zen. Joan zen urtean, kasualitatez, Aristiri egindako elkarrizketa pertsonala irakurri genuen. Eta galdetu zioten zer ikerketa eginen lukeen gustura. Josu Zabalarena aipatu zuen. Familian ikusi genuen hura zela aukera. Etxarri Aranatzen beti babesa eman digutenengana jo genuen. Argi esan genien Aristirena ikerketa abiatzeko aukera bat izan zitekeela. Familiak alde guztietatik oso murriztuta ditugu baliabideak: ez dakizu nora jo, zeinengana, nola eskatu, bide asko irekitzen dira... Guztia martxan jarri da eta bolumen nabarmena hartu du, uste baino gehiago.
A. Halako ekimen batek atzean lan handia du, eta laguntza pila behar da. Familiak horri ezin zion bakarrik aurre egin, laguntza behar zuela ikusi genuen. Familiak kontaktua pasata, Oñatiko Gure Bazterrak elkartearekin harremanetan jarri ginen. Haiek dira Aristiren aipatutako liburuaren atzean bulkaka ibili zirenak. Eta esan genien Josuren inguruko ikerketa abiarazi nahi genuela. Berehala lotu zuten Aristirekin kontaktua. Gure laguntzarako prestutasuna azalduta, Aristik berehala baiezkoa eman zigun. Azaroan edo abenduan izan zen hori. Dagoeneko ikerketa martxan dago.
N. Oñatiarrak ere lan handia egiten ari dira.
Nola lortu duzue dozena bat lagun elkartzea?
A. Interesa izan zezakeen jendearengana jo genuen. Horrela elkartu gara dozena bat edo. Ziurrenik, hemendik aurrera gehiago izanen gara, laguntza handiagoa beharko dugu. Pausotxoak emanez hasi gara. Jendaurrean aurkeztu dugu eta, beharbada, orain fase garrantzitsuenetako bat hasten da. Ikerketak aurrera egiteko Euskal Herriko gizartearen laguntza behar dugu.
Nolako laguntza?
A. Ikerketak aurrera egiteko oso garrantzitsua izanen litzateke 1997ko martxoko egun haietan, Josu Korrika akaberako festatik desagertu zenetik hilda agertu zen momenturaino, eta ondoko egunetan ere, zer gertatu zen jakitea. Gizartearen laguntza behar dugu. Gertakari horiekin zerikusia izan dezakeen zerbait ikusi edo nabaritu zuen edozein pertsona gurekin harremanetan jar dadila. Bilbon Josu ikusi zutenak, edo Josuren desagertzearekin zerikusia izan dezakeen edozein informazio, mugimendu edo gauza arrarorik ikusi zutenek, mesedez, beraien testigantza guri eman diezagutela. Gurekin harremanetan jartzeko basajaun1997@gmail.com e-posta helbidera idatzi dezakete.
Ordutik 29 urte pasa dira.
A. Bai. Gauzak memorian lausotu eginen dira. Baina pentsatzen dugu egon daitekeela jendea behar bada bere garaian ez zuela lotu, ez ziola zerbaiti garrantzirik eman, ez zuela jakin, ez zuela non adierazi ikusi zuena... Halakorik gordeta baldin badauka, ezinbestekoa da gurekin harremanetan jartzea. Hiruzpalau egun horietan Josu nonbait egon zen, zerbait gertatu zen. Jendez betetako Bilbo batean desagertu zen. Zerbait arraroa gertatu bazen, norbaitek zerbait ikusiko zuen. Josu, gainera, ezaugarri fisiko nabariak zituen.
N. Oso altua zen, kristalezko begi bat zeukan... Familian beti pentsatu dugu Korrikako akabera festan ziurrenik jende ezagunak ikusiko zuela. Jendeak orduan bazekien ETAko militantea izanda ezin zutela agurtu eta halakoak egin. Baina, agian, ikusi zuten eta ez zuten ezer esan uste zutelako hobe zela isilik egotea. Gainera, familiari pasa izan zaigu. Urte haietan testigantzak bilatzen egon ginen. Eta, gero, bakarrik etorri zaizkigu. Hau da, ulertzen dugu orduan bizi genuen tentsio horretan jendeak ez zuela erreakzionatzen espero bezala. Orain, denbora pasata, gauzak lasaiago egonda, irakurketa patxadatsua eginda, jendea hurbildu zaigu ikusi zuena kontatzera. Hori da berriro eskatzen duguna: norbaitek ikusi bazuen, lasai etortzeko. Nahiz eta 29 urte pasa, oso garrantzitsua da testigantzak edukitzea. Egon, egon behar dira. Bai Bilbokoak, bai hiru egun horietan gertatu zenaren ingurukoak.
Informazioa Aristik jasoko du?
N. Aurreneko fasean, Josuren inguruko ahal ziren testigantza guztiak bildu dituzte.
A. Elkarrizketak egin dituzte. Orain arte ezagunak ziren datuen inguruko elkarrizketak egin dituzte. Hori lan handia da eta Aristik laguntzaileak behar ditu. Eta hor daude Gure Bazterrak elkartekoak eta etxarriar batzuk.
Ikerketa liburu batean jasoko da?
A. Hori zen hasierako asmoa. Baina ikerketaren prozesu guztia dokumental batean biltzeko aukera sortu zaigu. Aitor Karasatorre Muguruza ematen ari garen pauso guztiak jarraitzen ari da. Liburuan jasotzen den informazio guztia ere jasoko du ikus-entzunezkoak.
Liburua noizko?
A. Aurten garrantzitsuena ikerketa egitea da. Ikerketak ematen duenarekin liburua argitaratuko dugu. Aristik eleberria idatziko du. Asmoa da heldu den urtean, Josuren heriotzaren 30. urteurrenerako, liburua argitaratzea.
Finantzazioa behar duzue?
A. Hala da. Beste askotan bezala, herri honetan egiten den auzolan lan horri aitortza egin behar zaio. Baina horrek bakarrik ez du aurrera aterako halako ikerketa luze bat, ezta lanketa sakona ere. Finantzaketa behar dugu. Eta laguntza eskatzeko ate guztiak joko ditugu. Sortu dugun elkartearen kontu korrontea hau da: ES04 3035 0116 92 1160027007.
Zergatik aurkeztu duzue Bilbon ekimena?
A. Josu bizirik ikusi zuten azken aldian Bilboko udaletxe ondoan zegoen Tortilla tabernara zihoan. Han hitzordu bat zeukan. Jendearen artean nahastuta ikusi zuten azkenekoz. Han desagertu zen. Ekimenaren berri emateko kokapen hori egokia zela iruditu zitzaigun.
Sakanan aurkezpenik eginen duzue?
A. Bai, Etxarri Aranazko plazan martxoaren 28an, 13:00etan, aurkeztuko dugu ekimena. Irakurketa lasaiago bat eginen dugu, eta gertatu zen guztia berriro gogoraraziko dugu, ahaztu ez dadin. Memoria gordetzeak, lantzeak eta argitzeak daukan garrantzia aipatuko dira.