Astekaria

"Istorioak kontatzeko fikzioa bide bat da"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko martxoaren 25a

Bea Salaberri idazlea. EKE.EUS

Bea Salaberri idazleak 'Mesfida zaitez' eleberriaren solasaldia eginen du, martxoaren 27an, ostirala, Etxarri Aranazko liburutegian, Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan

Bea Salaberrik Mesfida zaitez eleberriari buruzko solasaldia eginen du martxoaren 27an, ostirala, 19:00etan, Etxarri Aranazko liburutegian, Sakanako Mankomunitateak antolatutako Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan. Solasaldian parte hartzen duen jendeak liburua irakurri duen edo ez kontuan hartuz, "gauza desberdinak" egiten dituela azaldu du idazleak GUAIXE IRRATIko Eneida Carreñorekin izandako solasaldian: "Aurkezpenaren parte bat idazle gisako galderak, pertsonalak, egiteko aukera izanen da, eta liburuaren aurkezpenean irakurri badute, galderak eta gogoetak egiteko aukera ematen dut". Idazleak intentzio batekin idazten duela, baina gero irakurleen sentsazioa beste bat izan daitekela esan du. Sakanara etortzea "plazera" dela gaineratu du: "Oso inplikatua egon da, eta liburuan ere erreferentzia bat bada". 

Zein da liburuaren gaia? 
Istorioa Iparraldeko neska gazte militante batena da. Egoera sozial eta kultural berezi bat bizitzen du, gaizki bizitzen duena, eta pixkanaka egoera horren aldaketa bilatzea erabakitzen du. Pixkanaka sortuko dira hainbat ingurune militanteetan eta momentu batean ETA erakundearen laguntzaile ere izanen da. Bizitzaren ibilbidea kontatzen da, noiz, zergatik eta nola gertatzen den, desarmearen garaia arte. 

Zehazki zer gertatzen zaio? 
Laurendiak hainbat bidaia geografiko egiten ditu: baserritik hirigunera, egoera ekonomiko batean dagoen gune batetik dinamismo gehiago duen leku batera. Ingurune teorian apolitikoa dena, ingurumen politizatu batera. Hainbat pausu ematen ditu eta liburuak 15 urte estaltzen ditu. Pertsonaia horren garai desberdinak aipatzen ditu; haustura kulturala, bere familiarekin, aurreko belaunaldiek duten egiteko moldeekin... Aldaketa horiek gauzatzen joaten dira. Pertsona mailako hainbat aldaketa estaltzen ditu, kolektiboak ere badirenak. Lurralde batean agertzen diren egoera horiek, batzuk hobera eta beste batzuk okerrera egiten dutenak; nola badagoen jendea aldaketa horiek bilatzen eta beste batzuek kontra. Oso indibidualak izan daitezkeen gaiak, aldi berean oso kolektiboak direnak. Azaltzen dute zergatik egon den Euskal Herrian gatazka horrelako denbora tarte batean.

Emakume bat da protagonista. Zerbait berria eman nahi izan duzu, ezta? 
Hasieratik argi nuen ez nuela gertakari historikoa kontatu nahi. Behintzat ez izatea benetako gertakizunetan oinarritutakoa; fikziotik jorratu dut. Erreferentzia batzuk errealak dira, baina fikzio bat da. Historia kontatzeko gutxi entzuten den ahotsa baliatu nahi nuen. Ikusi nuen bazeudela beste pertsona batzuk isilean egon direnak, eta haien artean emakumeak zeuden. Hasieratik pertsonaia txiki batetik kontatu nahi nuen, ez dituena gauza heroikorik egin, baina istorio txiki horretan mugituko dena. Emakumea izatea nahi nuen gutxiago hitz egiten dutelako gauza horietaz, ez dutelako gogorik, ez dutelako beraien burua eszena publikoan agertzea nahi. Hori ekartzeko fikzioa bide bat da. 

Hori azaleratzeko gogo bat dago?

"Literaturaren munduan bada atzera begiratzeko gogo bat; memoriaren gogoa"

Dudarik gabe memoria lan bat da. Fikziotik bada ere, historiaren interpretazio bat eskaintzen du. Ondorengo belaunaldientzat proposamen bat da. Laurendiaren istorioa amaitu denetik hamar urte pasa dira, gutxi gora behera, eta dagoeneko gure memoriatik ezabatu diren hainbat gauza dira; ahazten dira edo gertakari berriak daude eta aktualitatetik kanpo gelditzen dena eta idazten ez dena, galtzen da. Orduan, memoria horren gogoa bada. Literatura mundu honetan bada atzera begiratzeko gogo bat. Emakumearen ikuspegitik protagonismoa ematea eta gelditzea betiko klitxean edo estereotipoan: emakumeak hor zeuden neskalagunak zirelako edo manipulatuak izan zirelako. Hori irakurketa erraza da eta agian irakurketa hori egin dezagun nahi lukete. Beste ahots batzuk ere ikusi ditut, marginalak kontsideratu diren ahots horiek. Aniztasun gehiago errepresentatu; hor dagoena, baina errepresentatu ez dena. 

Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Denbora eman dut idazten. Nik egiten dut nire tarte libreetan, fase batzuetan gehiago beste fase batzuetan utzi dut. Orduan, utzi ondoren hartzen duzunean berrikusteko hartzen duzu eta aldatzeko aukera duzu. Gaia oso konplexua da eta pertsonaia batzuk bizirik daude. Ez nuen nahi interpretazio oso nirea eta inor begiratu gabe egin. Nahi nuen egiatik ahal bezain hurbil egitea. Badira hainbat bai, pertsonaiaren barne gatazkak, gizarte batean egon daitezkeenak direnak. Historian gertatu diren gauza batzuk kontuan hartu behar nituen, horri buruz irakurtzen nuen, eta integratu behar nuen, edo kontrakoa, ezin nuen jarri. Buruhauste anitz izan ditut. Baina gogoarekin, maite dudalako naizen lekutik idaztea. 

Zertan identifika daitezke gazteak? 
Gakoa da gertatu dena ulertzeko balio duela. Inork ahoz aipatzen ez duena. Baita gaur egun zertan garen ulertzeko gakoa izan daiteke. Uste dugu gaurko arazoa gaurkoa dela, baina ez da. Problematika batzuk hobetu dira eta besteak okertu dira. Kolektiboaren garrantzia azaltzen da ere liburuan.