Astekaria

"Bizitzan behin bizi beharreko zerbait da"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko martxoaren 27a

Yami Markotegi El Conquis saioaren proba batean. UTZITAKOA

EITBko El Conquiseko azken denboraldian parte hartu du Illamille 'Yami' Markotegi etxarriarrak. Yocahu taldeko kidea zen, eta programaren hamabigarren saioan kaleratu zuten. 

Duela lau hilabete itzuli zen Kariben bizitako esperientzia "intetsotik"

1. Nola sortu zitzaizun parte hartzeko aukera? 
Euskaldun gehienoi noizbait burutik pasa zaigun zerbait dela uste dut; baina ez nuen inoiz pentsatu aurkeztera ausartuko nintzenik, eta are gutxiago joatera. Crossfitean lehiatzen nintzenean, taldekideek animatu eta pikatu ninduten. Runrun moduko bat geratu zitzaidan. Urrian lan kontratua amaitu zitzaidan, bertan ere animatu ninduten, eta animatu nintzen. Inpultsuz egindako zerbait izan zen; nire bizitzako erokeria handienak bezala. Aurkeztu eta hartu ninduten; ez da ohikoa lehenengoan hartzea. 

2. Prestatu zinen? 
Kirol asko eta mota askotakoak egin ditut. Nire ahalmen handiena indar ariketak dira. Sua egiten saiatu nintzen, matematika formulak ikasi... Iritsi ginenean bost egun hotel batetan egon ginen eta probak praktikatzen egon ginen.

3. Zer izan da gogorrena?
Joan aurretik pentsatzen nuen jan gabe egotea izango zela, baina ez. Eltxo eta jejenena izan zen gogorrena. Aldi berean 500 jejenek ziztatzen zaituzte. Jendeak harrituta begiratzen gaitu arropa asko janzten dugulako, baina horregatik da; mina jasanezina da. Talde batean egotea ere ez zen erraza izan, baloratua sentitzen ez nintzenean. 24 orduz zaude pertsona horiekin ingurune oso gogor eta baldintza zailetan. 

4. Momenturen batean uztea pentsatu zenuen? 
Azkenaurreko egunean Marcelari eta Jaiori esan nien ez nekiela oso ondo zer egiten nuen han. Beti nominatuko nindutela esan zidatenean, erabat hondoratu nintzen. Azken dueloan mentalki hain ahulduta iritsi nintzen, ez nuela nire potentzialaren %20 ere eman. Inoiz ez nuen uztean pentsatu, uzten duen jendea oso gaizki ikusten dut; momentu jakin batzuetan uler dezaket.

5. Indartsuago sentitu zinen?
Ez dakit indartsu hitza egokiena den, baina proba askotan erabilgarria nintzela sentitu nuen. Lehen probak herri kirolekin lotutakoak izan dira eta Jaio eta biok ginen horri buruz zerbait zekiten bakarrak. Maitasunez gogoratzen dut ere lehen dueloa; oso polita izan zen ikustean zein ondo funtzionatu genuen, eta kanpalekura itzuli ginenean taldeak salto eginez hartu gintuen; ederra izan zen.

6. Zenbait taldekideekin momentu zailak izan zenituen, zerk mindu zintuen gehien?
Ez ditut gustuko bidegabekeriak, zapalketak edo gutxiespenak, eta are gutxiago zergatik bai hutsagatik direnean. Nik jasan nuen, eta oso gaizki pasa nuen; nire taldekide batek biziko balu, berdin sufrituko nuke. Nire kapitainak ere antzeko egoera bizi izan zuen; elkarri babesa eman genion... Betiko eskertuko diot.

7. Taldeetan emakume eta gizonen arteko liskarrak izaten dira. 
Nahiko tristea iruditzen zait; antza denez denok berdintasunaren alde gaude, telebistan ez da hori ikusten. Urtero gertatzen da. Gaztetxoek ez dute arazo hori, baina 20 urtetik gorakoek urtero egiten dute. Pertsona ahulena bilatzeko kontua dela suposatzen dut, eta kasu honetan emakumeak direla esaten dute. Marcela gizona izango balitz, ez lukete berdin tratatuko. Hala ere, izaera kontua ere bada.

8. Nola sentitzen zinen?
Etengabeko emozioen mendikatea izan zen. Zoriontsu; irabazitako probak emozioz gogoratzen ditut. Lehenengo dueloan lasaitasuna sentitu nuen, gelditzen nintzelako eta taldea pozik jarri zelako. Pizzak eta garagardo eguna oso momentu zoriontsu eta intimoa izan zen. Bestetik, gutxietsia sentitu nintzen, eta momentu tristeak ere izan nituen; batez ere amaieran. 

9. Zein da beste parte hatzaileekiko harremana?
Inor ezagutu gabe joan nintzen, eta askori buruz oraindik ezer gutxi dakit. Abenturaren barruan jende askok harritu ninduen; gehien nabarmenduko nukeena Jaio da. Ez ginen elkarrekin asko egon, eta nire azkenaurreko egunean, lokatzaz betetako txirikordak matxete batekin kentzen ari nintzen, laguntzera hurbildu zitzaidan. Asko hitz egin genuen, eta pentsatu nuen ze pena lehenago ezagutu ez izana. Nire nortasunaren alde emozionala agertu zen gehien. Oso lehiakorra naiz, baina uste dut ez dela ikusi. 

10. Zer ikasi duzu?
Nabarmenduko nuke zerbaitek min egiten badizu edo txiki sentiarazten bazaitu, hasieratik esateko. Hitz egin, azaldu, eta saiatu besteek jarrera alda dezaten. Ikusten baduzu ez dutela aldatzen, eta taldez aldatzeko aukera badago, agian hori da buru osasunerako biderik hoberena. Zapaldu nahi zaituenari mugak garaiz jartzea. 

11. Joatea gomendatzen duzu?
Zalantzarik gabe, bai da. Esperientzia oso intentsua da, batez ere mentalki, baina bizitzan behin bizi beharreko zerbait dela esango nuke.