Martxoaren 21ean final handien giroa zegoen Zumarragako Beloki pilotalekuan. 4.000 euro zeuden jokoan, eta 20 kanaerdiko erdibitu behar zituen alde bakoitzak, txanda librean. Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrak, batetik (Erdozia IV eta Erdozia V), eta Unai Etxeberria Osinalde eta Igoin Pikabea gipuzkoarrak, bestetik. Bi aldeek zale ugari eraman zituzten pilotalekura eta hasieratik ikusmina eta animo oihuak etengabeak izan ziren.
Lau aizkolariak maila bikainean aritu ziren. Hasieran Osinaldek eta Pikabeak markatu zituzten denbora hoberenak, baina zortzigarren enborretik aurrera etxarriarrek aurre hartu, eta hamargarren kanaerdirako minutu erdia ateratzen zieten. Etxarriarrek ekinean jarraitu zuten, eta azken txanpan finago aritu ziren, alde gehiago ateraz. Azkenean, sekulako lana eginez, Erdozia IV.ak Eta Erdozia V.ak 20 kanaerdikoak 39 minututan erdibitu zituzten; gipuzkoarrek 2 minutu gehiago behar izan zituzten (41:00).
Erdoziatarrak, senitartekoekin eta lagunekin, Altsasuko Izelai jatetxean egindako afarian ospatu zuten apustua irabazi izana. Parranda ordu txikiak arte luzatu zen Etxarri Aranatzen.