Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrek larunbatean Unai Etxeberria "Osinalde" eta Igoin Pikabea aizkolari gipuzkoarren kontra jokatutako apustuaren oihartzuna ez da itzali. Zumarragako Beloki frontoiaren itxura paregabeak, bertan bizi izan zen giroak, eta apustuak komunikabideetan izan duen erantzuna sekulakoak izan dira. Erdozia IV.ak eta Erdozia V.ak 20 kanaerdikoko apustua eta 4.000 euroak irabazi dituzte, merezimenduz.
Apustu bat baino, final handi bat zirudien. "Jaso genuen harrera sekulakoa izan zen, pentsa genuena baino askoz ere gehiago. Zaleen aldetik izan genuen babesa eta berotasuna... oraindik flipatzen gaude" dio Jon Erdoziak.
Harmailetan gazte asko zeuden; aizkoraren etorkizunari begira, itxaropenezko argazkia. "Gazteen arteko apustua izatean, herri kiroletan beti ibiltzen den jende helduari gure kuadrillak eta ingurukoak gehitu zitzaizkien. Herri kirolak sustatzeko bidean hunkigarria izan zen, itxaropena ematen duena". Gainezka zegoen Beloki pilotalekura sartzerakoan, gorputzak "zerbait arraro" egin ziola aitortu du Erdoziak. "Megafoniatik deitu eta atera ginenean, mundu guztia garrasika... zerbait arraroa sumatu nuen. Arraroa, ez nuelako lehenago bizi, eta aldi berean oso polita".
Egur ona
Egur erdia etxarriarrek jarri zuten, eta beste erdia gipuzkoarrek. "Bi aldeak egur on antza eramaten saiatu ginen. Guk bizpahiru egur gogorxeago sartu genituen, erritmoa pixka bat hausteko, baina ez zen egur txarra, pixka bat gehiago eman beharrekoa baizik. Egurraren aldetik ez zen sorpresarik egon".
Lau aizkolariak maila bikainean aritu ziren. Hasieran Osinaldek eta Pikabeak markatu zituzten denborarik hoberenak, etxarriarrak euren erritmoari segitzen zioten bitartean. "Segundo batzuk atzetik hasi ginen. Eurek ez zuten abantaila handirik hartu, baina eurek egiten zutena begiratzen nindoan, distantziak areagotzen edo txikitzen zihoazen ikusteko. Egia esan, nahiko kontrolatuta zegoen. Gu ez ginen gure erritmotik atera. Hasieran, nerbioekin eta presekin korteetan pixka bat itxi ginen. Baina aurrekoak harrapatzeko aukera genuela ikusi genuenean, lasaitu ginen eta hortik aurrera dena ondo joan zen".
Entrenatzen bezala
Etxarriarrek zortzigarren enborretik hartu zuten aurrea, eta hamargarren kanaerdirako ia minutu erdia ateratzen zieten gipuzkoarrei. Alde gehiago ateratzen jarraitu zuten, eta 20 kanaerdikoko lan guztiak 39:00 minututan egin zituzten. Osinaldek eta Pikabeak, aldiz, 2 minutu gehiago behar izan zituzten (41:00).
Apustuaren egunean "entrenamenduetako denboren antzera" aritu zirela aitortu du Jon Erdoziak. "20 kanaerdikoko entrenamendu pare bat egin genituen, baina tartean sei enbor nahiko gogor sartu genituen. 41:00 minuturen bueltan ibili ginen, ziren egurrendako denbora ona".
Osinaldek eta Pikabeak lan ona egin zutela uste dute etxarriarrek. "Lehia nahiko estua izan zen, parekatua, baina gu gure erritmoa segitzeko gai izan ginen, eta azken bi enborretan tarte handia atera genien". Azken tartean airean joan ziren. "Lau enborren faltan, oraindik ez nuen garaipena lortuko genuela argi ikusten. Aitak –Juanjo Erdozia izan zuten laguntzaile– pixka bat lehenagotik ikusten zela esan zigun, baina bukaerara arte ez genuen sentitu".
Jon Erdozia: "Irabazterakoan badirudi esfortzu hori, nolabait, justifikatzen dela"
Etxeko nagusiekin, eskertuta
Erdoziatarren aittunak, Juanito Erdoziak, eta Jonen aita Juanjok gozatu ederra hartu zuten etxekoen garaipenarekin. "Lan asko egin dute gure entrenamenduak prestatzen, apustu egunean egurrak eramaten eta guztia prestatzen. Paliza handia hartu dute, baina oso pozik daude" diote, eskertuta.
Apustua irabazterakoan "poza, sekulakoa" sentitu zuten. "Hiru hilabete hauetan horrenbeste lan egin eta gero, irabazterakoan, poza galanta. Sakrifikatu duzuna eta ondokoek egindako lana, guztia dator burura, eta irabazterakoan badirudi esfortzu hori, nolabait, justifikatzen dela. Beste aldea, galtzearena, gogorra izango da".
Irabazi eta berehala hasi ziren ospakizunak, frontoian. Kuadrillakoek gora eta behera airatu zituzten, familiakoen eta lagunen muxuak jaso... Altsasuko Izelai jatetxean bildu ziren afaltzera, aurretik dopin kontrola pasata. "Apustu guztia formalki egiteko Gipuzkoako federaziora jo genuen, eta epaileek dopin kontrola baldintza gisa jartzen dute".
Altsasuko Izelai jatetxean afaldu eta gero, Etxarri Aranatzen jarraitu zuten ospakizunek. "Ahal zena egin genuen, ni behintzat lehertuta nengoelako. Lagunak gustura aritu ziren, eta festa polita egon zen herrian".
Beste txapelketa bat
Aurki beste txapelketa bati ekingo diote. "Euskal Herri mailakoa izango da, gazteena. Apirilean aurkeztuko dute. Aritz bere anaia Eñautekin ariko da, eta ni Joan Goikoetxearekin. Aste honetan aizkora ez dut ukitu ere egin; ondoren hasiko gara". Bitartean, martxoaren azken astean euren bordan hasitako Sakanako Aizkora Eskolan lagunduko dute. "Astelehenean hasi ginen enbor pila bat prestatzen. Aitari eta aittunari klaseekin lagunduko diegu, astero bi egunez, gustura".