Astekaria

Sakanako Etxera Eguna hartuko du Etxarrik

Guaixe 2026ko apirilaren 21a

Preso eta iheslariak etxeratzeko aldarrikapena eginen dute. ARTXIBOA

Apirilaren 25ean, larunbata, Etxera Eguna ospatuko dute, eta aurretik ere, ostiralean, ekimenak izanen dira. Antolatzaileen arabera "begi bistan ikusten dugu presorik gabeko Sakana".

Sakanako Etxera Eguna hartuko du Etxarrik apirilaren 25ean, larunbatean, nahiz eta bezperan ere izanen den mugimendurik. Mikel Mundiñano Larraza antolakuntzako kideak GUAIXE IRRATIAn azaldu duenez, "Etxera Eguna oso baldintza berezitan eginen da". Mundiñanok gogorarazi du azken hamarkadetan ia herri guztietan izan direla presoak eta atxilotuak. "Gaur egun, soilik, Etxarri Aranatz da arrazoi politikoengatik oraindik presoak dauzkan Sakanako herria. Olatzagutia zen iheslaria zuen herria: Hilario Urbizu San Roman. 1975ean atxilotu, bortizki torturatu eta aske utzi zutenean alde egin behar izan zuen, berriz atxilotzeko beldur zelako. Mexikon zegoen, larri gaixorik eta apirilaren 14an hil zen".

Gaur egun zigorra betetzen ari diren presoak hiru direla azaldu du Mundiñanok. Unai Parot Navarro eta Juan Ramon Karasatorre Aldaz bigarren graduan daude. "100.2 artikuluaren bidez astegunetan lanera ateratzen dira. Baimenak eskuratzen ari dira". Bestetik, "Luis Mariñelarena Garziandia gailu elektroniko baten bidez kontrolatuta dago, ez da espetxera bueltatzen eta kalean dago".

Mundiñanok esan duenez, "hainbestetan hainbeste amestu dugun preso eta iheslaririk gabeko Sakana ia-ia errealitate bat da. Baina, aldi berean, hainbeste urte ondoren, agerian gelditzen da azken hamarkadetan herri honek bizi izan duen gatazkaren ondorioen konponbidea behar bat badela ere gure ibarrarendako, oraindik sufrimendua eragiten jarraitzen duelako".

Euskal Herriko egoera honakoa da: 30 bat herritan daude preso eta iheslariak; 120 bat preso daude; 40 preso ez dute gradu progresiorik izan eta kartzelan daude; hamalau iheslari; hiru deportatu.

Geltokiz geltoki
Mundiñanok azaldu duenez, "oraindik bere garaian martxan jarritako salbuespenezko legeak indarrean daude eta horrek atzeratzen du euskal presoen etxeratze bidea". Gaineratu duenez, "ongi bidean, besteak beste, Frantzian betetako zigorren onarpena gauzatzen denean, kopuru hori nabarmen behera jaitsiko da. Datozen hilabeteetan espero dugu gehientsuenak kaleko bidean jartzea. Gaur egun kartzela politika ekuazio politikotik kanpo gelditzen ari da pixkanaka, zorionez. Begi bistan ikusten dugu presorik gabeko Sakana".

Ziurtatu duenez, "oraindik badaude nolabaiteko inertzia edo saiakera batzuk iraganean iltzatuta gelditzeko. Eta guk horren aurrean argi eta garbi esan behar duguna da 2011n ETAk bere jardun armatua bukatuta, hamabost urte pasatu ondoren, oraindik ondorioak konponbidean jarri gabe izateak herri honengan pisu izugarria sortzen duela. Bada garaia ondorio guztiak konpontzeko eta herri honi preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat eskaintzeko".

Preso batzuen gradu progresioaren kontra egiteko interesa dagoela adierazi du Mundiñanok. "Alde horretatik saiakera bat dago. Baina gizartearen gehiengo batek aspaldi esana du salbuespenarekin bukatu behar dela eta elkarbizitza, bakea eta konponbidea behar dituela herri honek".

Mundiñanok adierazi duenez, "sufrimendu izugarria eragin du salbuespenezko espetxe politikak ardaztutako aro bat itxi nahi dugu Sakanan". Aldi berean, azpimarratu du "sufrimendutik haratago, elkartasunak, erresistentziarako gaitasunak eta maitasunak ardaztu duen garai emankor bat ere izan da".

Helburua lortzeko geltokiz geltoki doazela argitu du: "hasieran isolamenduarekin bukatzea lortu genuen, urrunketaren akabera gero eta gaur egun, edozein presori bezala, lege arrunta aplikatzeko eskatzen ari gara, etxerako bidea gauzatzeko".

Etxera Egunean aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte. Apirilaren 25erako, larunbata, egun osoko egitaraua antolatu dute. Bezperan, hilabeteko azken ostiraleko kontzentrazioaz aparte gaztetxean auzatea, ekitaldia eta kontzertuak izanen dira. Sakanako Etxera Egunean parte hartzeko nahikoa arrazoi daudela gaztigatu dute antolatzaileek, eta ibarreko biztanle guztiei gonbidapena luzatu diete. Bazkarirako txartelak apirilaren 21era arte eskuratu daitezke Xapatero eta Leku Ona tabernetan. Antolakuntzan laguntzeko ere gonbidapena egin dute antolatzaileek.

Sakanako Etxera Eguna Etxarri Aranatzen

Apirilak 24 ostirala

20:00 Azken ostirala.

20:30 Auzatea, gaztetxean.

22:00 Kontzertuak: Fan Matxine eta Bulkada.

Apirilak 25 larunbata

10:00 Rotondako mural margoketaren amaiera. 

12:00 Erakusketa: Borronak ereindakotik loratu den Herria. Espetse politikaren kronika gure herrian. 

13:00 Sakanako Etxera Kantuz topaketa. 

15:00 Bazkaria, fronotian. 

20:00 Ekitaldia, plazan. 

20:30 Elkartasun taloak, plazan. 

21:00 Kontzertuak: La Mala Pekora, Txalainak eta Ekintza.