Auzitegi Nazionalak atzera bota du Karasatorreri ezarritako erregimen irekia

Guaixe 2026ko apirilaren 23a

Presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzearen aldeko murala Etxarrin. ARTXIBOA

Epaileak kartzela araudiko 100.2 artikulua ukatu dio eta errejimen itxia ezartzeko exijitu du. Argudiatu duenez, bigarren gradu horretan zigorrak "gehiegi" arintzen dira. 

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok atzera bota du Juan Ramon Karasatorre Aldaz euskal presoari ezarritako erregimen irekia, eta erregimen itxia berrezartzeko agindu du. Zaballan dago preso. Etxarriarrari 100.2 artikulua aplikatu zioten eta, ondorioz, astean zehar egunez espetxetik ateratzen da ilbeltzaren 2az geroztik. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak argudiatu zuen presoek "aldeko bilakaera" izan zuela eta "zigorraren zati handi bat betetzetik gertu" zegoela.

Castro epaileak erabakiaren kontra egin du. Epaileak zehaztu duenez, espetxeko zuzendaritzak alde bakarrez erabaki zuela presoari 100.2 artikulua ezartzea, alegia, kartzelako zigor batzordeak ez zuela proposatu ere egin. Gainera, artikulu horretan aldaketa batzuk egiteko eskatu du epaileak, zigorrak "gehiegi" arintzen dituelako. Epailearen ustez, artikulua "nahasmendu hutsa" da, eta ez dio inori "mesederik" egiten. "Preso dagoenari itxaropen faltsuak sortzen dizkio, eta senideei beharrezkoa ez den kezka bat eragiten die". 

Hala ere, epailearen autoa ez da irmoa eta helegitea aurkezteko aukera dago. Irmoa ez bada ere, aplikatu eginen dute, eta gaur apirilak 23tik aurrera espetxe barruan gelditu beharko du Karasatorrek.

Erreakzioak
Eusko Jaurlaritzak "errespetua" agertu du erabakiaren aurrean, eta uste du Zuzenbide Estatuak dituen "berme mekanismoen" barruan kokatzen dela. Halere, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak argi du erdi-askatasuna ezartzeko bere erabakia "legezkoa" izan dela. Zehaztu dutenez, aipatutako artikulua ezartzerakoan irizpideen "ponderazio desberdina" dago auziaren muinean. Jaurlaritza "egungo legedia ezartzen" ari dela gaineratu dute. 

Sareko kideek salatu dutenez, 100.2 artikulua baliogabetzeak "agerian uzten du eremu judizialek, politikoek eta lobbyek duten mendeku gosea". Sarekoek gaineratu dutenez, "etorkizunaren eraikuntzan, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko apustuan jarraituko dugu lanean". 

Coviteko kideek babestu egin dute epaileak hartutako erabakia, aipatutako artikulua "salbuespenezko neurri bat baita eta ezin daiteke lasterbide gisa erabili". Gaineratu dutenez, "epaileak emandako autoak biktimen kolektiboek aspaldi salatzen duguna babesten du: espetxe legedia edukiz husten ari da ETAko presoei ia askatasuneko erregimenak emateko". Azaldu dutenez, "Karasatorreren kasuan, epaileak 100.2 artikulua baliogabetu du, tratamendua betearazteko nahitaezko plan espezifikorik ere ez zegoelako. Artikulua aplikatzeko ezinbestekoa da plana egotea".