Hamahirugarren aldiz Etxarri Aranatzek Amalur azoka hartu zuen. Haren antolaketan Sakanako ekoizleak batzen dituen Belardi elkartea, Etxarri Aranazko Udala, Kalaska kooperatiba eta Sakanako Garapen Agentzia zeuden. Aurten antolatzaileek artileari garrantzia eman nahi izan diote. Esan zutenez, "artileak potentzial handia izaten jarraitzen du, bai ikuspegi ekonomikotik, bai ingurumen eta jasangarritasun ikuspegitik". Horregatik, lehengai hori erabiltzen duten artisauak izan ziren azokan. Eta artilea lehengaia duten bi tailer ere izan ziren.
Alain Floresek eta Adriana Ojerrek Artilezko nomadak proiektua sortu zuten. Flores ziordiarrak GUAIXE IRRATIAn azaldu duenez, "Biok artzain dezente izan ditugu inguruan. Ikusten genuen artzainek artilearekin zer egin ez zekitela eta bota egiten zutela. Hondakin gisa tratatzen da. Badakigu artilea gure memorian ere dagoela. Jendeak gogoratzen ditu garai bateko koltxoiak, galtzerdiak…" Material baliagarria den artilea botatzen zela jakiteak "kezka" sortu zion bikoetari, "gaiarekiko sentsibilitatea hartu genuen".
Bizitzeko yurta bat egin zuen. Frantzian halakoak egiten zituen gizon baten berri izan zuten. "Hark artilezko olanez egiten zituen. Harengana joan eta artilea eraldatzeko prozesua ikasi egin genuen". Euskal Herriko artilearekin gauza bera egin zitekeela pentsatu zuten Floresek eta Ojerrek. Etxean eskuz lantzen hasi ziren. "Pixkanaka sartu ginen". Floresek azaldu duenez, "gure ideia da ahalik eta artile gehien erabiltzea, etxeko produktuetara bueltatzea". Haien proiektua "zirkularra" dela nabarmendu du: "guk artilea artzainei erosten diegu, eraldatzen dugu gure produktuak sortuz".
Hasieran ilearen tratamendu guztiak haiek egiten zuten. "Garbitu udan bakarrik egin genezakeen, Euskal Herrian nahikoa hezea delako. Eta kopuru txikiak ziren". Orain artile kopuru handiagoak erabiltzen hasi dira. "Eta Valentziako garbitoki batera garbitzera tonak eramaten ditugu", argitu du Flores. Gaineratu duenez, "Euskal Herrian garbitoki bat egiteak artilearen erabilera erraztuko luke". Jakinarazi duenez, "aspaldi halako bat Iruñean izan zen. Baina oihalgintzako industria hori guztia galdu egin da. Penintsulan bizpahiru garbitoki besterik ez daude".
Beraien produktuak ekoizteko fieltro teknika erabiltzen dute. "Oso teknika zaharra da: frikzioa, ur beroa… Xaboiarekin nahasten da, gogortzen duzu eta nahi duzun forma ematen diozu. Gauza batzuk eskuz egiten ditugu. Eta handiak, makinekin". Landutako artilearekin egiten dituzten produktuak dira: etxeko zapatilak, oinetakoendako plantillak, mantak, artilezko belakia duten xaboiak, lanparak, berokiak, txalekoak…
Berriki baratzean erabiltzeko mantak egiten hasi dira. "Artile manta lur gainean jarri eta lurra babesten du. Plastikoak ez bezala, transpiratzen uzten du. Eta hezetasuna eta gainerako guztia mantentzen laguntzen du". Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Bodegas Otazurekin batera ikerketa eta garapen proiektua lantzen ari dira. "Halako mantek mahastiei zer onura ematen dieten ikertzen ari dira. Latxa ardiaren artilea hemen erabiltzeko aukera ona dela ikusten dugu. Asko dago, arazo bat da eta ez da ezertarako erabiltzen ari. Plastikoaren ordezkoa izan daiteke". Produktu hori ere salgai dute. "Gauza berriak sortzeko prozesua motel doa. Pitteka ikasten ari gara. Kontuan izan bikote bat eta artisau tailerra garela", argitu du Floresek. Hartu duten lanarekin baztertu egin dute artaldea izateko ideia.
Amalurra azokan beilaki naturalen tailerra eskaini zuten. "Saltzen dugun produktua nola egiten den erakutsiko dugu. Jendeak egiteko aukera izan dezan. Koloretako artileak ekarriko ditugu. Esperientzia polita eta dibertigarria da txikiendako", azaldu du.
Lore tailerra
Sandra Cliville da Maduixa Gorria izenaren atzean dagoen artisaua. GUAIXE IRRATIAn esan duenez, baserria erosi eta artaldea jarri zuten 2004an. "Baina ehungintzarekin betidanik izan dut lotura. Katalunian gurasoek zuten jantzigintza tailerrean jaio nintzen. Haiek ez zuten nik egiten dudan artile ehuna egiten. Baina gauza asko errazak zaizkit txikitatik bizi izan ditudalako". Clivillek agronomia ingeniaritza ikasi zuen. "Konpostaz eta hondakinez hitz egiten zen orduan. Gauzak gertatzen ari zirela banekien, baina erabateko kontaktua 2004an izan nuen".
Artilearekin ezer ez zela egiten jabetuta, ez botatzea eta hura lantzen hastea erabaki zuen Clivillek. Prozesuaren lehen pausoa artilea garbitzea da. "Kardatzen hasi nintzen. Zer tramankulu eabiltzen ziren ikertzen hasi nintzen. Eta konturatu nintzen gaur egun leku askotan lantzen dela artilea, ez dela gauza arraro bat. Europan normaltasunez artilea etxean erabiltzen duten lekuak daude". Artilearen inguruan ikertzeko bidaia eta opor asko hartu zituen. "Etxean ikerketa eta garapena egiten duzu", esan du barrez.
Gaur egun hainbat arlo lantzen ditu. Alde batetik, tailerrak ematen ditu ikastetxeetan, irakasleendako prestakuntza gisa, edo ikasleei zuzendutakoak. Bestetik, sorkuntza lantzen du. "Sorkuntzaren arloa oso irekia da". Bere eskuekin sortzen ditu, besteak beste: soinekoak, txaketak, jertseak, txanoak, txapelak, zapatak, oinetakoendako plantillak, dekoraziorako baserriak, Olentzero, Mari Domingi, Tartalo, lanparak, alfonbrak eta abar. "Gauza batzuk ezin dituzu artilezkoak egin, baina aukera zabala eskaintzen du", adierazi du sortzaileak. Azokan produktuak erakusgai izan zituen, baina aitortu duenez, "beroarekin saltzea oso zaila da". Artilezko gauzez aparte, kotoiko eta naturako tinduekin egindako produktuak ekarri zituen.
Amalurra azokan eman zuen tailerrean artilezko loreak egiten erakutsiko du Clivillek. Azokara materiala nahikoa prest ekarri zuen. Hau da, artilea garbituta, kardatuta, filtratu eta koloreak jarrita izan zen. "Parte hartzaileek beraien lorea eginen dute. Solte eramanen ditugu eta azokan elkartu beharko dituzte. Adin guztietakoendako tailer oso ederra da. Loreak orri markatzaile gisa erabil litezke agendan, irakurtzen ari zaren liburuan..." Beste aukera bat da lorea etxera eraman eta hari kateorratz bat jostea lorea paparreko orratz bezala erabiltzeko.