Astekaria

Izar Berriak txapelketa berriko hirugarren kanporaketa, Etxarri Aranatzen

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 24a

Oier Mitxelenak eta Jakes Izeta V.ak Aguraingo kanporaketa irabazi zuten eta finalerdietan dira. PUNTODEMIRA.ONLINE

Apirilaren 26an Goikoetxea-Erdozia, Oiarbidetarrak eta Goena-Esnaola lehiatuko dira, Amalur azoka egunean, Etxarri Aranazko plazan. 

Aizkolari gazteek txapelketa berri bat badute: Izar Berriak. "Juan Luis Bengoa erretiratu eta gero neguko txapelketak, Urrezko Aizkorak, despeditu ziren. Ondorioz, aizkolari gazteak eta emakumezko aizkolariak aukerarik gabe geratu ziren. Profesionaletan Xabat Olaizolak talde bat sortu du eta profesionalak, Larrañaga, Vicente, Txikia eta ingurukoak, lehiatzen aritu dira baina gazteak ez. Zorionez, Zertzena herri kirol taldea sortu da, eta gazteen eta emakumeen mailako txapelketak antolatzen hasi da" azaldu du Cesar Goikoetxeak, Joan Goikoetxea aizkolari etxarriarraren aitak. Zertzena taldearen atzealdean Xabi Barrenetxea Malen Barrenetxea aizkolariaren aita, eta saralegitarrak dabiltza, beste batzuen artean. 

Txapelketa berria
Horrela, Zertzena taldeak Rural Kutxa Txapelketa sortu du, bi modalitateetan: Izar Gazteak Binakako Aizkora Txapelketa, eta Emakumezkoen Binakako Aizkora Txapelketa. Azken honetan lau bikote ari dira lehian: Malen Barrenetxea-Nerea Arruti, Irati-Astondoa-Ainize Perez, Oihana Fernandez de Barrena-Ekiñe Lopez, eta Uxue Ansorregi-Maika Ariztegi. 

Izar Gazteak Binakako Aizkora Txapelketan 23 urtez azpiko bederatzi bikote ari dira lehian: Haritz Goena-Eneko Esnaola II, Igoin Pikabea II-Mikel Santesteban, Jon Zaldua II-Joanes Izagirre "Ipiña", Unai Osinalde-Unai Romairone, Beñat Senosiain-Markel Iturralde, Julen Urrutia-Kimetz Alzola, Aritz Oiarbide-Eñaut Oiarbide, Ioan Goikoetxea-Jon Erdozia eta Oier Mitxelena-Jakes "Izeta V". Azken hiru bikoteak, Jakes Izeta V.-a ez ezik, sakandarrak dira. 

Txapelketa apirilaren 6an hasi zen, Agurainen. Izar Gazteak Txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen, eta lan guztiak egiten (zutika, kolpeka eta lan luzeak) Oier Mitxelena altsasuarra eta Jakes Izeta V izan ziren azkarrenak (18:19), Zaldua-Ipiñaren (19:30) aurretik. Bi bikoak finalerdietarako sailkatu ziren. Hirugarrenak, Alzola-Izagirre, txapelketatik kanpo geratu ziren. 

Bigarren jardunaldia apirilaren 18an jokatu zen Donezteben. Mikel Santesteban eta Igoin Pikabea izan ziren azkarrenak (17:10), Osinalde-Romaironeren (18:03) eta Senosiain-Iturralderen (18:58) aurretik. Lehenengo bi bikoteek finalerdietarako txartela lortu zuten. 

Etxarriko jardunaldia
Apirilaren 26an, igandea, 11:30ak aldera hasiko da Izar Gazteak Txapelketako hirugarren jardunaldia. Haritz Goena-Eneko-Esnaola II.a, Jon Erdozia-Ioan Goikoetxea eta Eñaut Oiarbide-Aritz Oiarbide bikoteak lehiatuko dira zutika, kolpeka eta lan luzeetan, finalerdietako beste bi txartelen bila. Sakandarrek dena eman nahi dute bertan egoteko. 

Horretaz gain, Emakumeen Binakako Aizkora Txapelketako jardunaldia jokatuko da Etxarrin. Malen Barrenetxea-Nerea Arruti eta Uxue Ansorregi-Maika Ariztegi izanen dira lehian. Tartean, Lierni Osa harri jasotzailearen saioak eta altxaldiak tartekatuko dira. 

Finalerdietako bat, Altsasun
Izar Gazteak eta Emakumeen Binakako Aizkora Txapelketako lehen finalerdia Altsasun erabakiko da maiatzaren 2an, Alde Zaharreko festetan. Bigarrena Urnietan jokatuko da maiatza erdialdean, eta final handia Hernanin, oraindik zehaztu ez den datan.