Aizkora

Goikoetxea-Erdozia eta Oiarbidetarrak, finalerdietara

Guaixe 2026ko apirilaren 28a

Aritz eta Eñaut Oiarbide bigarren izan ziren eta finalerdietarako sailkatu dira. IBON ERRAZU

Etxarri Aranatzen jokatutako Izar Berriak Aizkora Txapelketako hirugarren kanporaketan bi biko sakandarrak izan ziren azkarrenak eta finalerdietara sailkatu dira.

Etxarri Aranazko Amalurra azoka izan zen igandean. Tartean herri kirolak bere tokia izan zuen, Izar Berriak Gazteen Binakako Aizkora Txapelketako hirugarren jardunaldia bertan jokatu baitzen. Lehiatu ziren hiru bikoetatik bi etxarriarrak ziren: Ioan Goikoetxea-Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide-Eñaut Oiarbide. Haiekin batera haritz Goena-Eneko Esnaola II aritu ziren. 

Hiru lan egin behar izan zituzten: zutika enborra erdibitzea (Goena-Esnaola izan ziren azkarrenak, Goikoetxea-Erdozia eta Oiarbidetarren aurretik), kolpeka (Goikoetxea-Erdoziak 45 kolpe, Oiarbidetarrek 51 kolpe eta Goena-Esnaolak 63 kolpe) eta lan luzea. Lan luzean Goikoetxea-Erdozia nagusitu ziren, alde handiz, Oiarbidetarren eta Goena-Esnaolaren aurretik. 

Lan guztiak batuta, Ioan Goikoetxea eta Jon Erdozia izan ziren azkarrenak (17:27), Aritz eta Eñaut Oiarbide anaiak bigarrenak (19:18) eta Haritz Goena eta Eneko Esnaola II hirugarrenak (22:58). Horrela, bi biko sakandarrek finalerdietarako sailkatu dira. 

Neskak
Etxarri Arantzen Emakumezkoen Binakako Aizkora Txapelketako jardunaldia jokatu zen. Malen Barrenetxea eta Nerea Arrutik eta Uxue Ansorregik eta Maika Ariztegik lehia estua izan zuten, baina lehenak gailendu ziren (13:00), bigarrenei 22 segundo ateraz. 

Horretaz gain Lierni Osa harri jasotzaileak erakustaldi ederra egin zuen.