Ostrilleka kolorez margotutako bankuaren kontra egin dute

Guaixe 2026ko maiatzaren 5a

Ostrilleka kolorez margotutako bankua hautsita.

Joan zen urtean ere bankua hondatu zuten. 

Etxarri Aranazko plazako zabalgunean dauden hiru banku aldarrikapen banarekin margotu ditu Etxarri Aranazko Udalak: Palestinako bandera, ostrilleka eta morea. Ostrillekaren koloreak LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak ordezkatzen ditu eta bankua margotu ondoren haren kontra egin eta zati bat hautsi dute. Joan zen urtean ere bankuaren kontra egin zuten. 

Etxarri Aranazko Udalak azaldu duenez, "joan zen urtean bezala, LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko eguna gertu dugun honetan, kolektibo horren kontra erasoa egin dute gure herrian". Udalak "eraso hauek irmoki gaitzesten ditu eta, aldi berean, elkartasuna adierazten dei kolektibo horretako kideei". 

Udalak gaineratu duenez, "LGTBIQ+ fobia dimentsio anitzekoa da (hitzezkoa, sinbolikoa, fisikoa) eta ezin dugu inolaz ere normalizatu". Horregatik, "gorroto diskurtso eta eraso oldarkor horien aurrean, LGTBIQ+ kolektiboaren askatasunaren eta oinarrizko eskubideen alde tinko jarraituko dugu". Aldi berean, udalak "herriko eragile eta herritarrekin elkarlanean, Etxarri Aranatz eraldatzeko lanean ari gara, guztiontzako herri seguru eta bizigarri bat izateko".