Garai batean eskolako irakasleen etxebizitzak hartu zituen eraikina gune soziosanitarioa bihurtuko da. "Nafarroako Gobernuaren oniritzia jaso dugu eta, lanak dirutza direnez, finantziazioa lortzeko bideak lantzen ari gara", azaldu du Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak. "Gune soziosanitarioan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoak egonen dira. Horretaz aparte, Osasunbideak gaur egun osasun etxean ematen dituen zenbait zerbitzu eraikin berrira lekualdatuko dira: emakumeen arretarako zentroa, psikologoa, gaitz kronikoak dituztenen erizaina eta fisioterapia. Espazio gehiago dagoenez, zerbitzu gehiago eta anitzagoak izanen dira han", aurreratu du alkateak. Gainera, udaletxetik eraikin horretara lekualdatuko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egoitza ere. Institutua langileen osasuna hobetzeko eta laneko arriskuen prebentzioa enpresetan integratzeko programa garatzen hasi zen apirilean.
Saez de Albenizek jakinarazi duenez, "gaur egun zerbitzu horiek osasun etxean gelak partekatzen dute. Eta osasun etxea ezin da ez handitu ez zabaldu, oinarri txarrak baititu". Beraz, "Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatuko dugu. Udalak eraikinaren erabilera utziko dio, baina jabetza berea izaten segituko du. Gure asmoa da proiektua aurten egitea eta lanak heldu den urtean", aurreratu du Saez de Albenizek.
Gaur egun eraikin horretan gaztetxokoa dago. Udalaren asmoa da denboraldi batez han mantentzea ondoren beste nonbait kokatzeko. Behean dagoen rokodromoak han segituko duela argi dute udalean. Bestalde, gaur egun, eraikina herriko kolektibo eta eragileek erabiltzen dute.
Aurrekontuak
Udalaren aurtengo aurrekontua 3.111.881,87 eurokoa, aurreko urtean baino 310.934,62 euro gehiago ditu udalak. Alkateak azaldu duenez, "kopurua inbertsioengatik handitu da". Horretara, 620.400,87 euro bideratu ditu.
Herri gunearen eta eskolaren arteko bidegorria egin zuen udalak 2025ean. Bigarren fasean bidegorria hilerriraino luzatuko du. Lan horrek 128.768,63 euroko aurrekontua izanen du. Hura finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren 79.530 euroko dirulaguntza jasoko du udalak. Mugikortasunaren arloan beste egitasmo bat du Etxarri Aranazko Udalak: irisgarritasun plana egitea. Horretara 17.658,74 euro bideratu ditu.
Euskalerriari frontoi eraberritua apirilaren 18an mustu zuten etxarriarrek. Haren teilatu gainean plaka fotoboltaikoak jarri nahi ditu Etxarri Aranazko Udalak. 48.000 euro aurreikusi ditu egiteko horretarako. Lanak egiteko 29.000 euroko dirulaguntza izanen du. Sakanako Energia Berriztagarrien Kooperatiba energia komunitatea sortzeko pausoak ematen ari da. Herritarrak izena ematen hasi dira eta haiei faktura merkatuko zaie herrian sortutako argindarra kontsumitzeagatik. Komunitatera eskolako edo frontoiko ekoizpena bideratzea aztertzen ari da udala. Eta argiarekin lotuta, udalaren aurtengo asmoa da kanpinerako bidean argiteria jartzea. Dirulaguntza eskatu du eta ebazpenaren zain dago udala.
Lanei dagokionez, Tokiko Inbertsio Planaren bidez Lizarragabengoan zolatze lanak eginen ditu udalak. Horretarako 48.700 euro ditu. Zumurdiñeta industrialdeko zorua berritzeko dirulaguntzaren zain jarraitzen du udalak. Han dagoen hiltegian ibilgailuak desinfektatzeko azpiegitura jarri zuten joan zen urtean. "Zerbitzua edozeinek erabil dezake", gaztigatu du alkateak. Bitartean aurrera jarraitzen dute etxeetan ur kontagailu digitalak jartzeko lanak. Horrekin batera, ur sarea sektoreetan banatu, sarean urari presioa kentzeko balbulak jarri eta ur biltegiko balbulak aldatzeko lanak.
Udalaren beste nahietako bat hirigintza plana berritzea da. Horretarako, foru administrazioari dirulaguntza eskatu dio. Bestalde, Saez de Albenizek jakinarazi du udalak Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena lortu duela. Nafarroako Gobernuaren izendapen horrekin etxebizitzak zaharberritu behar dituzten etxarriarrek, udalak edo kontzejuak foru administraziotik dirulaguntza handiagoa lor dezakete.
Gehiago
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Babestutako Gizarte Enpleguko programak bere martxarekin jarraituko du. Estreinakoz, joan zen urtean begirale bat kontratatu zuten eta harekin langabeen lantalde bat egon zen lanean. Lanak herri bakoitzaren populazioaren arabera banatu zituzten eta Lakuntza eta Urdiain artean aritu ziren lanean. "Balorazio ona egin genuen eta jarraitzea erabaki dugu", azaldu du Saez de Albenizek.
Hezkuntzari dagokionez, udalaren asmoa da eskolako berogailuak eta inguratzailea berritzea. "Horretarako dirulaguntzak behar dira eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatu beharra dugu", argitu du alkateak. Bestetik, udalaren musika eskolarako 194.140 euro bideratu ditu.