Maiatzaren lehen asteburuan Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko pilota selekzioen arteko GRABNI Txapelketako final handiak jokatu ziren Bizkaian. Beste behin, Nafarroa izan da selekziorik finena, frontoian jokatutako 28 finaletatik 19 irabazi eta gero. Nafarroak 19 txapela lortu ditu frontoian, Bizkaiaren aurretik (17 txapela). Estu joan ziren finalak, baina Nafarroak ezker paretako koroari eutsi zion. Trinketean, ordea, Nafarroaren nagusitasunak behera egin du, jokatutako 10 finaletan soilik 3 garaipen izan baititu. Iparralde izan da trinketeko txapelduna.
Palistak, berebizikoak
Frontoiko nesken paleta goman Nafarroa izan da erregina. Tartean, Larrabetzun jokatutako jubenil mailako paleta goma finalean, Maialen Larraza etxarriarrak Aurizberriko Elaia Zabalzarekin osatu zuen bikotea, GRABNI-an hirugarren urtez jarraian. Nafarrek Bizkaiko Ilarregi-Inunciaga bikotearen aurrean garaipen handia lortu zuten, final oso estuan bi set-ak irabazita (8-10 eta 6-10).
"Iazko finalean bizkaitarrak mendean hartu genituen. Aurten ere bagenekien finala maila handiko partida izango zela eta oso ongi jokatu beharko genuela irabazi ahal izateko. Zorionez, hala izan zen" dio Larrazak.

Euren garaipena oso garrantzitsua izan zen Nafarroarendako. "Federaziotik aipatu ziguten, gure partidak GRABNI sailkapen orokorrari bezala oso garrantzitsuak zirela, bikoitza bezala kontatzen zutela. Izan ere, Bizkaiko eta Nafarroako selekzioak oso estu egoten direnez, guk irabazten bagenien Nafarroak puntu bat irabazten zuen eta Bizkaiari puntua irabaztea eragozten genion. Gure partidak oso garrantzitsuak zirela jakitun ginen. Nesken paleta gomako hiru partidak irabazi genituenez, gurea, jubenilena, 22 urtez azpikoa eta eliteena, oso pozik gaude egindako lanarekin".
Denboraldi bikaina
Denboraldiarekin "oso kontentu" dago palista etxarriarra. Sakanako Pala Txapelketa hirugarrenez irabazi du, eta Nafarroako Banakako Pala jubenil txapelduna da, besteak beste. "Gainera, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dut eta GRABNI-a bigarrenez irabazi dut. GRABNI-an jokatzea asko gustatzen zait, hemendik kanpo dagoen maila ikusteko sekulako aukera delako". Hemendik aurrera, paleta goman jarraitzeaz gain, "trinketean gehiago entrenatu eta zentratu" nahiko luke.