Etxarri Aranazko plazako zabalgunean dauden hiru banku aldarrikapen banarekin margotu ditu Etxarri Aranazko Udalak apirilean: Palestinako bandera, ostrilleka eta morea. Ostrillekaren koloreak LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak ordezkatzen ditu eta bankua margotu ondoren haren kontra egin eta zati bat hautsi zuten apirilaren akaberarako. Joan zen urtean ere berdin margotuta zegoen bankuaren kontra egin zuten.
Maiatzaren 17an LGTBIQ+ fobiaren kontrako eguna ospatzen da. Hori baliatuz, Etxarri Aranazko Udalak kolektibo horren kontra egindako erasoa salatu zuen. Udalak, ohar bidez, adierazi zuenez, "eraso horiek irmoki gaitzesten ditugu eta, aldi berean, elkartasuna adierazten diegu kolektibo horretako kideei".
Udalak gaineratu zuenez, "LGTBIQ+ fobia dimentsio anitzekoa da (hitzezkoa, sinbolikoa, fisikoa) eta ezin dugu inolaz ere normalizatu". Horregatik, "gorroto diskurtso eta eraso oldarkor horien aurrean, LGTBIQ+ kolektiboaren askatasunaren eta oinarrizko eskubideen alde tinko jarraituko dugu". Aldi berean, udalak "herriko eragile eta herritarrekin elkarlanean, Etxarri Aranatz eraldatzeko lanean ari gara, guztiontzako herri seguru eta bizigarri bat izateko".
Horregatik, guztiagatik Etxarri Aranazko Udalak maiatzaren 17an, plazan egin zen kontzentrazioan parte hartzera deitu duen. Erasotako bankua photocall gisa erabili zuten. Eta etxarriarrak eta herriko eragileak bankuan argazkia egitera eta sare sozialen bidez partekatzera gonbidatu zituen udalak, "horrela salaketa ikusgarri egiteko".