aizkora

Sakanako Aizkora Eskolako maisuari, agur

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 18a

Juanito Erdozia, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide bilobekin, martxoaren 28ko Bergarako aizkora apustua irabazi berritan. AITOR KARASATORRE

Juanito Erdozia Mauleon zendu da.

Juanito Erdozia Mauleonek ostegunean gidatu zuen Sakanako Aizkora Eskola azkeneko aldiz, Etxarri Aranazko bere bordan. Ikasle eta senitartekoez despeditu, etxera joan, eta hurrengo goizean jakin zen iktusa izan zuela. Hasieran erantzun zuen, baina iktusa nahiko indartsua izan zela adierazi zuten medikuek orduak aurrera egin ahala azken hatsa eman zuen eta 82 urterekin zendu zen Juanito Erdozia Mauleon. Emaztea, hiru seme-alaba eta bilobak utzi ditu.

Horrenbesteko bizitasuna zuen gizonaren heriotzaren berri izatean zur eta lur geratu ziren etxarriarrak. Albistea bolo-bolo zabaldu zen. Izen ere, nork ez zuen ezagutzen Juanito? Sakanako Aizkora Eskolan hamaika aizkolari trebatu zituen, Juanjo semearekin eta azkenaldian Jon, Aritz eta Eñaut bilobekin handik hara ibili zen euren aizkolari ibilbidea gidatuz. Oraindik ez dira itzali Jonek eta Aritzek martxoaren 28an Unai Etxeberria “Osinalde”-ri eta Igoin Pikabeari irabazitako apustuko oihartzunak, eta bertan zegoen Juanito. Baita apirilaren 26an Etxarri Aranatzen, Izar Berriak Gazteen Binakako Aizkora Txapelketako hirugarren jardunaldian, Ioan Goikoetxea eta Jon Erdozia eta Aritz eta Eñaut Oiarbide finalerdietarako sailkatu zirenean. 

Horretaz aparte, Erdozia kantu zale handia zen eta ez zuen Iruñea Kantuzen hileroko hitzorduan hutsik egiten. Gainera, aktorea ere izan zen Etxarri Aranatzen sorreraren 700. urteurrena ospatzeko egin zen Etxarri Aranatz: Beste zazpietan ehun baietz (1312-2012) antzezlanean.

Etxarri Aranazko tanatoriotik herritarrak, lagunak, herri kirol munduko jendea, aizkolariak eta txirrindularitza munduko jendea ere pasatu zen, Aralar Txirrindularitza Taldeko guraso eta laguntzaile izan baitzen Juanito Erdozia. Igandean Etxarri Aranazko eliza txiki geratu zen haren despedidarako. 

Azkenera arte zutik, botak jantzita zendu da Juanito Erdozia aizkolari ohia eta Sakanako Aizkora Eskolako bihotza.