Etxarri Aranatzek erregional mailako bosgarren multzoko liga irabazi ostean preferente mailara igotzeko faserako sailkatu zen. Liga irabazi duenez, bi aukera izango ditu.
Etxarri Aranatzek igoera faseko lehen arerio Ribaforada du. Maiatzaren 16an joaneko partida jokatu zen Etxarri Aranazko San Donaton. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, aukerak sortuz eta aurrea hartu nahian. 39. minutuan Aimar Lizarragak Etxarri aurreratu zuen, eta 1-0 joan ziren atsedenera. Bigarren zatian partidak estu-estu jarraitu zuen. Partida bukatzear zela, 90. minutuan Mattin Altzelaik bigarrena sartu zuen eta 92. minutuan Jon Erdoziak hirugarrena. 3-0, garaipena gustura ospatu zen Etxarri Aranatzen.
Itzuliko partida maiatzaren 23an Ribaforadako San Bartolome zelaian jokatuko da, 18:00etan. Etxarri Aranazko zale ugari bertaratuko dira Ribaforadara, taldea animatzera. Ioseba Bakaikoa entrenatzailea ez da fio. “Abantaila polita dugu, baina eurek etxean jokatzen dute, eta edozer gauza gerta daiteke”.
Etxarri Aranatzek kanporaketa irabazten badu preferente mailara igoko da. Eta Ribaforadaren kontra galtzen badu, beste aukera bat izango du igoera fasean aurrera jarraitzeko.