Etxarri Aranazko abesbatzak Kantatzera noazu udaberriko kontzertua emanen du maiatzaren 24an, igandea, 19:00etan, herriko elizan. Alicia Armendarizek zuzenduko du kontzertua, urtebeteko atsedenaren ondoren. Emanaldi “anitza eta entretenigarria” eskaniko du abesbatzak, kideen esanetan, azken urteetako obra esanguratsuak berreskuratuz eta obra berriak interpretatuz. Bakearen aldeko obrak emanen dio hasiera konztzertuari, abesti sakro eta espiritualen atala irekiz. Euskal kantuek ere leku berezia izanen dute: Kantatzera noazu kontzertuari izena ematen dion abesti herrikoia izanen da horietako bat. Koldo Pasorren bertsioa eginen du abesbatzak, eta Javi Busto, David Azurza eta Jesus Guridi konpositore lanak ere interpretatuko dituzte. Maieran, jatorri eta estilo oso desberdineko hiru erdal abesti eta Asturiaseko musika herrikoian oinarritutako obra abestuko dituzte.