20232/2023 denboraldian Etxarri Aranatz preferente mailatik erregionalera jaitsi zen. Ordutik, preferentera igotzea, hori zen Etxarri Aranatz Kirol Elkartearen helburu nagusia. Azken bi denboraldietan liga lider bukatzea lortu zuen Etxarri Aranatzek, baina igoera fasean ez zuen igoera lortu. Hirugarrenean asmatu egiten dela dio esaera zaharrak eta kasu honetan bete egin da, atzera ere Etxarri Aranatzek liga lider bukatu duelako, baina aurten bai, igoera fasean preferentera igotzea lortu duelako.
Igoera fasean Ribaforada izan da Etxarri Aranatzen arerioa. Joaneko partida etxean jokatu zuten, San Donato zelaian, eta Etxarrik 3-0 hartu zuen mendean Erriberako taldea. Itzulerako partida maiatzaren 23an jokatu zen, larunbata, Ribaforadan, sekulako berotzarrarekin. Partida hasi eta berehala, 2. minutuan Abraham Bozalek 1-0 aurreratu zuen Ribaforada, eta 22. minutuan bigarrena sartu zuten Erriberakoek. Etxarriarrek ez zuten behera egin eta Mattin Altzelaik 39. minutuan sartutako golarekin, 2-1 hurbildu eta horrek lasaitasun handia eman zien etxarriarrei. Bi taldeek lehia bizian jarraitu zuten, baina ez zen gol gehiagorik egon, eta bi partiden emaitzak batuaz, 2-4 gailendu zen Etxarri Aranatz eta ametsa lortu zuen: preferente mailara igo.
Etxarriarrek ospakizunak Ribaforadan bertan hasi zituzten, zale asko autobusez hurbildu baitziren. Aurreskua eta festa ez ziren falta izan. Iluntzean Etxarrin harrera egin zieten futbol jokalariei eta festa ederra izan zen.

Jubenilak ere bai
Bigarren mailako jubenilen mailan Etxarri Aranatzek bere multzoko liga irabazi zuen eta ordutik igoera fasean murgilduta aritu da. Bigarren kanporaketan Peña Azagresa izan du aurkari. Joanekoan 2-0 gailendu zen Peña Azagresa Erriberan, eta itzulikoa maiatzaren 24an jokatu zen, San Donato zelaian, bezperan talde nagusia preferentera igo zela ederki ospatu eta gero. Etxarri Aranatzek ez zuen erraza, baina festa giroaz kutsatuta, 13. minutuan Adei Agirrek gola sartu eta itxaropena piztu zen San Donaton. 41. minutuan Peña Azagresak bana berdintzea lortu zuen, baina atsedenaldia baino lehen Alain Bakaikoak Etxarriren bigarren gola sartu, eta taldeari airea eman zion (2-1).
Bigarren zatian ekinean jarraitu zuten etxarriarrek. Ivan Vicentek 56. minutuan Etxarriren hirugarren gola sartu zuen, zaleen gozamenerako (3-1), eta joanekoa eta itzulikoa kontuan hartuta, markagailua berdindu egin zuen. Festa are gehiago borobiltzeko, Ivan Vicente berak 61. minutuan laugarrena sartu zuen (4-1) eta Etxarri aurreratu. Azkeneko minutuak urduriak izan ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu, eta bi partidak batuz 4-3 gailendu zen Etxarri, eta jubenilen lehen mailara igo.
Beraz, festa bikoitza izan zen Etxarri Aranatzen.