Industria jarduera egiteko lur trukea proposatu du enpresa batek

Guaixe 2026ko ekainaren 1a

Enpresaren ikuspegia. ARTXIBOA

Horregatik, hiri partaidetzako plana egin da. Zuzendaritzak adierazi duenez, "handitzeak enpresaren biziraupenerako eta garapenerako garrantzia du". 

Utzubar Ondarea SM Taldeak Etxarri Aranazko hirigintza plana aldaketa bat egiteko proposamena aurkeztu du. Enpresaren egoitzaren ondoko lur sail baten kalifikazioa aldatu nahi du. Lursail horrek gaur egun baso edo produktibitate ertaineko nekazaritza edo abeltzaintza sailkapena du. Aldaketarekin Industria Erabilerako Hiri Lurzoru Finkatura izatea nahi du enpresak. Bere helburua da lur sail horretan adreiluak eta pellet biltegia egitea. 

Horretarako, enpresak Etxarri Aranazko Udalari eskatu dio lantegi ondoan dagoen 26.511,85 m²-ko herri lurren partzela enpresarena den eta Eputzen parajean dagoen 6.522,91 m²-ko beste bategatik trukatzea. Trukatzea gauzatuz gero, enpresak jakinarazi du dauden bertako haritzak mantenduko lituzkeela eta haritz amerikarrak moztuko lituzkeela. Eta, ondoren, beharrezko zuhaitzak landatuko lituzkeela. 

Legeak hala eskatuta, hiri partaidetzako plana martxan jarri da eta egitasmoari buruzko beharrezko azalpenak emateko bilera irekia izanen da udaletxean garagarrilaren 2an, 11:0etan. 

Enpresaz
Utzubar Ondarea SM Taldeak 2010. urtearen inguruan, eraikuntzaren krisi betean, bere fabrikazio prozesuan biomasa erregai fosilen ordezko energia iturri alternatibo baten aldeko apustua egitea erabaki zuen. Apustu hori aurrera eramateko 2.500 m² inguruko nabe bat eraiki zuen. Nabe horren barruan, zeramika labean kokatutako zerrautsezko erregailuetan kontsumitu beharreko biomasa lehortzeko beharrezko makinak instalatu zuen. Horri esker, zeramikaren merkatuan lehiakorragoak izatea lortu zuen, eta horren erakusgarri da Espainian krisiaren aurretik zeuden 430 zeramiketatik 300 baino gehiago itxi izana azken urteotan.

Bigarren fasean, 2013 inguruan, Utzubar Ondarea SM Taldeak biomasaren merkatua indartu zuen 1.500 m²-ko nabe berri batekin. Han lehortegi bat instalatu zuen eta pelletak fabrikatzen hasi zen. Horri esker, biomasaren merkatua sendotu egin zuen, eta bere jarduera dibertsifikatu egin zuen, eraikuntzaren merkatuaren mende egoteari utzita. Horrek, lanpostuei eusteaz aparte, langile kopurua handitzea ekarri zuen. 2020. urte inguruan 1900 m²-ko estalki berri bat eraiki zuen biomasa lehorra eta saltzeko prest zeuden pelleten paletak gordetzeko. Inbertsio horiek guztiek eta aipatutako eraikuntzen 5.838,80 m²-ko okupazioak biomasaren merkatuari bulkada emateko balio izan zuten, baina adreiluak, zerrautsa eta ezpala pilatzeko espazioa sakrifikatuz.