Silbia Sesma

"Ezinbestekoa da errespetua eta elkarbizitza bermatzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 15a

Hainbat etxarriarrek parte hartu zuten hilaren 4ko ekimenaren aurkezpenean.

Plazan egindako agerraldi jendetsu batekin aurkeztu zuten Etxarriharrok ekimena hilaren 4an.Haren berri eman du Silbia Sesma Nazabal zinegotziak.

Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu zuenez, "Etxarrin herriko elkarbizitza kaltetu duten hainbat jarrera eta gertakari latzak izan dira azken hilabeteotan. Horiek etxarriar askorengan desadostasuna, haserrea eta tristura eragin dituzte". Gaineratu zuenez, "Etxarrin eta etxarriarrok batzen gaituzten balore positibo ugari ditugulako eta onartezinak diren gertakari horiei modu positiboan buelta eman nahi diogu herriko eragileekin batera". 

Kalte ugari izan dira azken aldian, ezta?
Egoera oso desatsegin batzuekin hilabete batzuk daramatzagu. Etxarriarrok ez gaude horrekin pozik. Ez doaz gauza konkretu baten kontra, baizik eta kalteak orokorrean sortu dituzte: kultur etxean sartu ziren, mojen etxean izugarrizko arazoak egon ziren, eskolan, etxe partikularretan ere egon dira kalteak, auto bat... zerrenda nahiko luzea da.

Ekimena kezka hori eraginda sortu da? 
Hala da. Udala hasiera-hasieratik lanean aritu da. Egia da ikusten ez diren gauzak izan direla. Eta ikusten ez direnez, ez dira existitzen. Denbora luze egon gara horretan lanean. Orain iritsi da eguna jendeak ikus dezan kanpaina bat antolatu behar dugula. Duela hilabete inguru elkartu ginen.

Zer da 'Etxarriharrok'?
Udalak dinamizatutako kanpaina bat da eta herriko eragile dezente elkartu gara ekimenean. Kanpaina modu positiboan eginen dugu. Orain jai egunak iristen dira, uda iristen dela eta, gerta litekeenaren inguruko nolabaiteko kezka dago. Badakigu kalteak ekiditeko ez dagoela inolako formula magikorik. Baina pitte bat prebenitzeko, edo egin behar dutenek ere zailago izan dezaten, halako presio sozial pixka bat egotea ongi dago.

Modu positiboan. Horrek zer esan nahi du?
Ez dugu inor kriminalizatu edo seinalatu nahi. Ez da ezer ez gazteen kontra, ez helduen kontra. Ez da bandalismoaren kontrako kanpaina bat. Egon diren egoera horiek pitte bat ekiditeko edo horiei etxarriarrek modu positiboan aurre egitea da. Denon artean elkarbizitza errazagoa egiteko. Etxarriarrok ditugun gauza positiboak ateratzeko.

Eragileek ere herrian gertatzen ari zenarekin kezka zuten?
Kezka orokortua zen. Egoera desatseginak izan dira eta jendea ez zegoen pozik. Talde bat sortu da. Proposamenak eta ideiak ongi etorriak dira. Eta aurrera nola atera aztertu egiten dira.

Zein eragilek bat egin dute?
Zerrenda luzea da: ikastola, eskola, erraldoien konpartsa, abesbatza, Kantuz taldea, Bilgune Feminista... Eragile dezente.

Eragile gehiago batzeko aukera dago?
Bai. Herri ekimena da, eta erabat irekita dago. Edozein ideia eta proposamen ongi etorriak izanen dira. Lana egiteko gogoa behar da bakarrik. Kanpaina positiboarekin aurrera eginen dugu. Ea zer balorazio egiten dugun uda ondoren.

Informazioa emateko esku orriak eta pegatinak banatu dituzue. 
Horrekin hasi gara. Ekimena sortu berri da eta, ideien arabera, ikusiko dugu zer gehitzen dugun edo zer egiten dugun udan.

Ekimenaren izena Etxarri eta harro hitzak batuz sortu duzue. 
Adierazteko harro gaudela etxarriarrak izateaz. Bestelakoez ere harro ere gaudela esateko modua ere bada: festez, kulturaz, hizkuntzaz, kaleez, haurrez, gazteez, helduez, aiton-amonez… Horretaz guztiaz gaude harro. Guztiok sortzen eta aberasten dugu Etxarri Aranatz egunez egun.

Zer da ezinbestekoa etxarriarrok herriaz harro egoteko?
Gure helburua da herri zaintzaile eta hezitzaile bat bilakatzea. Horretarako ezinbestekoa da errespetua eta elkarbizitza bermatzea.