Etxarriarrek gehien estimatzen duten urteko hitzorduetako bat ospatu zuten atzo, garagarrilak 16: San Adrian. Goiz mugitu zirenak udalak prestatutako hamaiketakoa dastatzeko aukera izan zuten: fritada. Hau da, haragi gisatua. Hura bukatu zenean saldan ogia bota eta zopa banatu zuten udaleko langileek. Aldi berean, udalak eramandako ardoa barkillotan zerbitzatzen hasi ziren. 1.200 litro izan ziren.
Ermitan meza izan zen eta ondoren, herriko dantzariek dantza emanaldia eskaini zuten. Ordurako etxarriarrak jatekoak prestatzen hasiak ziren, edo familiartean gosaltzen. Bazkal garairako lanean aritutakoak iritsi ziren. Majo bazkaldu ondoren txistularien errondak mahaitarrak jaso eta jota eta porrusalda dantzatzen jarri zituzten. Ondoren kintoen txanda izan zen, dantzakia dantzatu zuten. Haien segidan, bidean pixka bat gora egin eta, ohiturari jarraituz, herrira abiatu aurretik Gernikako Arbola kantatu zuten. 20 bat etxarriar izan ziren. Segidan herrirako kalejirari ekin zioten txistuaren doinua lagun. Basopokalen afaldu ondoren, kalejira herrira 23:30ean iritsi zen.