Astekaria

Unzurrunzagatarrak, mendia eta ultra trailak zainetan

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 2a

Josu Unzurrunzaga Ganboa, Ander Unzurrunzaga Iurrebaso eta Ander Unzurrunzaga Ganboa. UTZITAKOA

Ander Unzurrunzaga Iurrebaso 40 urterekin mendi lasterketetan hasi zen. 26 urte hauetan bi semeak erakarri ditu.

Ander Unzurrunzaga Iurrebaso ezkiotarra da sortzez, baina Etxarri Aranatzera etorri zen, Camino Ganboarekin ezkondu baitzen. Bere burua mendizaletzat du. "Ni korrikalaria ez naiz   sekula sentitu, ni beti mendizalea. Mendian, gora eta behera" hasi du elkarrizketa. 2000. urtean hasi zen mendian korrika egiten, 40 urte zituela. "Bi semeak dezente hazita zeuden. Aurretik Donostiako maratoia eta bestelakoak eginak nituen, baina batere seriorik ez. 2000. urte bukaeran esan zidaten Zegama-Aizkorri maratoia prestatu nahi zutela. Niri Aizkorri asko gustatzen zait, eta nik proba hori egin behar nuela erabaki nuen. Halaxe hasi nintzen, Zegaman antolatu nahi zuten proba horren aitzakian".

Hasierak eta Beriain 
Ez zen zerotik hasi, aurretik mendian asko ibiltzen baitzen. Garai batean entzuten zen ia egunero igotzen zela Beriainera. "Egunero, ez, baina bai oso maiz. Ni Beriainera igo naiz urtean gutxi gorabehera 200 aldiz sei urtetan jarraian. Normalean Unanutik. Lanetik atera, haurrak eta beste antolatu, eta momentu bat hartzen nuen di-da egiteko. Denbora? Iturtxikitik Iturtxikira 47:50 minututan". 

Aurretik sekula ere ez zen mendian korrika aritu. "Garai haietan mendian lasterka egiteak lotsa pixka bat ematen zuen. Mendian lasterka ari zinela, jendea zetorrela ikusten zenuenean gelditu, eta pausoan pasatzen zinen euren aurretik. Bestela pentsatuko zuten: hau erotuta dago!" Ordurako Lakuntzako Guardetxe Igoera eta Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria bezalako lasterketak bazeuden, baina Unzurrunzaga ez zen aritzen. Hori azkar aldatu zen. 

Ander Unzurrunzaga Iurrebaso: "Ni korrikalaria ez naiz sekula sentitu; ni beti mendizalea"

2002an, Guardetxen
2000. urtean bere kabuz prestatzen hasi eta gero, Ander Unzurrunzagak 2002ko ekainean egin zuen bere lehen mendi lasterketa, Lakuntzako Guardetxe Igoera, "oraingoaren aurretik egiten zena, soilik Guardetxera igo eta jaisten zena. Bosgarren sailkatu nintzen. Uste dut 58 minutu ingurutan egin nuela". Orduan ez ziren mendi korrikalari asko aritzen. Uztailean I. Zegama Aizkorri maratoian aritu zen. Lehen edizioan 226 korrikalarien artean 32. sailkatu zen Unzurrunzaga, "5 ordu eta 11 minutu, halako zerbait egin nuen". Eta urte berean, urrian, Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian atera zen, eta lasterketa irabazi zuen. "Horrek sekulako indarra ematen dizu. Ikusten duzunean aurrean zaudela, izen handiko mendi korrikalarien ondoan, hasieran kokildu bezala egiten zara, baina gero, aurrera egin, eta zergatik ez? pentsatzen duzu. 2015ean Izabako I. Camille Extreme ere horrela irabazi nuen". 

Mendi lasterketek Unzurrunzaga guztiz harrapatu zuten. "Ni engantxatu nintzen, eta bi semeak engantxatu nituen". Bi semeak, Ander eta Josu, trailetan aritzen dira, baina Ander gehiago, Josuk hiru seme alaba dituelako, eta asti gutxiago. Lasterketa askotan Ander aita-semeak elkarrekin aritzea ohikoa da.

Ander aitaren zenbakiak
2000 urtetik 2026ra zientoka lasterketetan aritu da Ander Unzurrunzaga Iurrebaso. Hasieran denetariko distantziatan, baina denborarekin lasterketa luzeak nahiago ditu, mendi altuetan daudenak. Zenbat eta gogorrago, hobeto moldatzen da. Pirinioetan eta Europako Mendietan ohikoetakoa da. Bere ibilbidean bost garaipen lortu ditu: Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria, Lakuntzako Guardetxe Igoera, Camille Extreme eta Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, bi aldiz. "Sarritan bigarren izan naiz, hirugarren, laugarren... "

Horretaz gain, Nafarroako lau kopa eta Euskadiko hiru kopa irabazi ditu, eta Nafarroako Txapelketa, Izaban. "Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, baina nafarra nintzenez, ez zidaten eman. Pena handia hartu nuen, baina, badakizu, federazioan nor egon, saria ematen dizute hala ez".

Hasieran senior mailan lehiatzen zen, orduan beteranoen maila 45 urterekin hasten zelako. Beteranoetan, erregea izan zen. "Beteranoetan dena irabazi dut, lasterketa askotan igo naiz podiumera. 2013.ean hamasei lasterketa egin nituen, eta horietatik hamahirutan lehen beteranoa izan nintzen, eta beste hiruretan bigarrena". 

Ander Unzurrunzaga Ganboa: "Proba luzeetan moldatzen gara ongi, sei-zazpi-zortzi orduetakoetan, mendian gora eta behera"

Zegama Aizkorri maratoia hamabi aldiz egin du, lehendabiziko sei ekitaldiak jarraian. "Orduan ez zegoen bertan sartzeko gaur dagoen borroka. Proba eginda, antolatzaileek bizkarrean jo eta esaten zizuten: ahal baduzu hurrengo urtean etorri!". Hasieratik lehiatzen ziren korrikalariek dortsala ziurtatuta zuten, baina aurreko urtean huts egiteagatik, koinataren ezkontza edo meniskoko ebakuntza zela, 2016an dortsala galdu zuen. "Harreman handia nuen antolatzaileetako bati dortsala eskatu nion, aritu ez izanaren arrazoiak azalduta. Baietz... gaur arte". 

Nolanahi ere, Zegaman zortzi podium ditu Ander Unzurrunzagak. "Beteranoetan hiru lehenengo postu, bi bigarren eta hiru hirugarren. Eta hori, niretako, handia da". 

Ander Unzurrunzaga Iurrebasoren helburua lasterketak bukatzea izan da beti. "40 urterekin hasi nintzen, berandu, eta adin horrekin ezin duzu beste helbururik jarri. Bukatzea, hori da nire helburua. Soilik bi lasterketetan erretiratu naiz; bata Olaztin, kalanbre bat tarteko, eta bestea Zegama Aizkorrin, hipotermiak jota". 

Ander semea
Ander Unzurrunzaga Ganboa, semea, 2015. urtean hasi zen mendi lasterketetan. Aurretik txirrindularitzan eta BTTan aritzen zen, eta haiek uzterakoan trailera batu zen. Txikitatik, jakina, mendira joaten zen anaia eta aitarekin. "Ni mendi lasterketetan aritzen naiz, baina aita baino askoz ere gutxiago". Aita ez dago ados. "Gaur egun zuk nik baino lasterketa bikotza eta gehiago egiten dituzu. Nik 65 urte dauzkat, 66 beteko ditut aurten, eta orain lasterketa gutxi egiten ditut, sei-zazpi urtean" aitak. 

Semeak helburua argi du. "Kirola egin, eta lasterketa batzuetan izena eman, motibatzeko. Eta listo". Altueran jokatzen diren lasterketa luzeak ditu gustuko semeak, aitak bezala. "Pirinioetako edo Europako Mendietako lasterketak egitea gustatzen zait. Sakanan egiten diren probetan –Triku Trail, Lakuntza Aralar, Olatzagutia Urbasa, Mendira Joan Etorria...– aritu izan naiz, bertakoak direlako, baina korrika asko egin behar diren lasterketak dira. Niri gehiago gustatzen zait, aita bezala, distantzia luzeagoetan mendian gora eta behera aritzea". 

Azken urte hauetan halako probetan aritzen dira batez ere, ultra trailetan edo proba luzeetan. Iaz Marbellan 64 km-ko Sierra Blancako Itzulia egin zuten, "oso polita, mendi askorekin", eta horretaz gain Canfranc, Valle de Tena, Sierra de Gredos, Javalambre, Comapedrosa, Cainejo, Pastoras de Portudera... sarritan izan dira. 

Ander Unzurrunzaga Iurrebaso: 66 ute beteko ditut aurten, eta asko nabaritzen da: denbora, errekuperazioa, mendian izan beharreko ziurtasuna..." 

Cainejon, ikaragarri
Gehien gustatzen zaiena, hain zuzen ere, Asturiasko Cainejo erronka ultra da (52 km, 10.200 m desnibela). Maiatzaren 23tik 24ra jokatu zen, eta emaitza paregabeak lortu zituzten aitak eta bi semeek. Javier Agundok irabazi zuen proban (8:44:54), Ander Unzurrunzaga aita zortzigarren sailkatu zen (10:09:47, bigarren beteranoa), Ander Unzurrunzaga Ganboa semea hamargarren (10:16:33) eta Josu Unzurrunzaga Ganboa hamazazpigarren (10:40:52). Ikaragarria. "Oso gogorra da, espainiar estatuko teknikoena, Europako Mendietan. Hori beste mundu bat da" dio Ander semeak. 

Pastoras de Portudera, Europako Mendietan egiten zena, oso gustuko zuten, baina bertan behera geratu zen Jokin Lizeagari gertatu zitzaionarengatik. Ibilbidea mozteko, xendatik atera zen Lizeaga, eta elurrak estaltzen zuen zulo batera erori zen. Lasterketa hartan zeuden unzurrunzagatarrak. "Bere atzetik zetorrena ez zen geratu ere egin, eta helmugan hirugarren izan zen. Deskalifikatu egin beharko lukete, mendian hori ez da jokabidea. Ni iritsi nintzenerako Aramendia zegoen berarekin, eta aurrera egiteko esan zidan. Laugarren izan nintzen. Berarekin inor geratuko ez balitz, agian Jokin ez litzateke hemen egongo".  

Ekainaren 14an Camille Extremen lehiatu ziren aita-semea, Izaban. Probaren 20 urteak ospatzeko, Izabako Kirol Elkarteak omenaldia egin zien urte hauetako irabazle guztiei, tartean lehen edizioko irabazle Ander Unzurrunzaga Iurrebasori. "1 zenbakiko dortsala jarri zidaten, eta sekulako txantxak egin zizkidaten (kar-kar). Izabakoak oso jatorrak dira, jende ona". Semea 36. sailkatu zen (3:50:57) eta aita 79. (4:11:02). "Urteak probaren ondorengo errekuperazioan nabaritzen ditut; askoz ere gehiago kostatzen zait. Denboran ere bai. 2015ean Camille irabazi nuenean 3 ordura ez nintzen iritsi, eta aurten 4 ordu eta 11 minutu".  

Egungoarekin, oso kritiko
Unzurrunzagatarrek ez dute entrenatzailerik, ez dietistarik eta ez dira gimnasiora joaten. "Etxean prestatzen dena jan, eta aurrera". Aitak uste du 2009-2010 urtean iritsi zela trailaren booma, masifikazioa. "Hau erdi profesionalizatzen bezala hasi zen. Lehen korrikalari ia guztiak Euskal Herriko lasterketa gehienetan aritzen ginen, eta Piriniotakoetan. Orain, batek Espainiako Kopa prestatzen du, besteak Mundukoa, bestea Dolomitetara doa... profesionalak bailitzan, eta hemendik ez da inor bizi. Mendi lasterketek duten profesional puntu hori niretako penagarria da" argi du. Zegama-Aizkorri jartzen du adibide. "Mundu mailan erreferente izaten ari da, baina hemengo korrikalariek oso zaila dute bertan sartzea. Nahiago dute Italiatik edo Japoniatik korrikalari bat etortzea hemen inguruko onena joatea baino. Hori, garbi". Izabako omenaldian mendian eman den aldaketa izan zuten hizpide. "Dagoen elitismoa guztiz negatiboa da. Denak ados geunden". 

Hasierako korrikalarien filosofiarekin jarraitzen dute unzurrunzagatarrek. "Gimnasioa zapatzen ez dugun eta omega, kreatina, proteinak eta halakoak hartzen ez ditugun bakarrak izango gara. Denbora hobeak egiteko, indar ariketak eta serieak egin behar dira, baina nik argi dut: nahiago dut gimnasioan beharrean basoan egon, eta gutxixeago ibili" dio semeak. 

Azkeneko lasterketak?
Asteburuan Torla Ultra Traila  izan zuten jokoan Ordesan (50 km, 4100+). Abuztuaren 9an Montlude Skyrace jokatuko du semeak Val d'Aranen, eta irailaren 11tik 13ra Canfranc ultra, biek. 

Aitak, geroz eta gertuago ikusten du erretiroa. "Lehen aldapa behera oso seguru eta azkar jaisten nintzen. Orain gehiago haztapatzen naiz, mendian ibiltzeko ziurtasun falta nabaritzen dut. Aurtengoa azkena izan daiteke, ikusiko dugu". Inolako traumarik gabe. "Nik ongi ikusten dut, baina berak erabakiko du. Mendira joateko aukera badago, lasterketak gutxienekoak dira. Nik argi dut berak bezainbat ez dudala iraungo" dio semeak. Camino emazteak bidea argi du, "orduan, semeei jarraituko diegu. Giro ona egoten da lasterketetan, ongi pasatzen dugu".