Nafarroako Gazteria Institutuak (NGI) Gazte Informazioko Berriemaileak programaren hirugarren edizioa despeditzeko, gazteei egindako lana aitortzeko eta eskertzeko jardunaldi bat antolatu zuen. Han bat egin zuten Nafarroako hamalau udalerrietako berriemaile izandako gazteak, gazte bulego eta ikastetxeetako arduradunak. Haien artean Andra Mari ikastolan berri emaile izandako DBHko ikasleak zeuden.
Proiektua 2023an hasi zen, 5 udalerritako 20 gazterekin, eta 2025-2026 ikasturtean jada 14 udalerritako 50 gaztek parte hartu zuten, % 150 handituz. Programa hori 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago, haiei kalitatezko informazio erabilgarria ematea du helburu, haien topaguneetatik bertatik. Berriemaileak tokiko gazte-informazioko zerbitzuen eta beste gazte batzuen arteko zuzeneko kanal gisa aritzen dira, eduki interesgarriak hautatuz eta zabalduz, zalantzak eta eskaerak bilduz, eta kanpaina, jarduera eta zerbitzuetan parte-hartze aktiboa sustatuz. Ekimen horren bidez, autonomia eta pentsamendu kritikoa sustatzen dira, eta, aldi berean, informazioa kohesiorako, inklusiorako eta aukerak berdintasunez eskuratzeko tresna bihurtzen da.
Jardunaldia Burlatako Gazteleku Gazte Zentroan egin zen, eta Txema Burgaleta NGIko zuzendari gerenteak mustu zuen. Burgaletak gazteen inplikazioa eta konpromisoa goraipatu zituen, informaziorako eskubidearekin. Ekitaldian korrespontsalek ikasturtean zehar garatutako esperientzia esanguratsuenetako batzuk partekatu ziren. Bukatzeko, diplomak banatu zitzaizkien bertaratutako berriemaile guztiei, beren testuinguruetan informazio erabilgarria, hurbila eta egiazkoa helarazteko egindako lana aitortzeko.