Etxarri Aranatzen festetako azken prestaketak

Guaixe 2026ko uztailaren 13a

Erraldoiak dantzan festen hasieran. ARTXIBOA

Zezensuzkoa eta buruhandiak eramateko jendea behar da. Umeei banatzen zaizkien ttattarren inguruko jakinarazpena egin du udalak.

Etxarri Aranazko festak agorrilaren 1etik 5era izanen dira. Aurreneko egunean, 11:30ean, joan zen urtean jaiotako umeei herriko armarria duen ttattarra oparituko die udalak. Etxarri Aranatzen erroldatuta ez dauden baina ttattarra jaso nahi luketen umeen gurasoek udaletxean zapia jasotzeko eskaera egin beharko dute. Kostua bost eurokoa da. 

Bestetik, Etxarri Aranazko Udalak festetarako bi lan eman nahi ditu. Alde batetik, zezensuzkoa eramateko adin nagusia den pertsona bat behar du. Bestetik, bai festetan bai ferietan buruhandiak eramateko jendea behar du. Buruhandiak eraman nahi dutenek 12 urte baino gehiago izan beharko dute. Egunero, eguerdian, atera beharko lirateke. Izena ematen duten guztiekin txandak moldatzeko bilera eginen da udaletxeko bigarren solairuan garilaren 23an, osteguna, 12:00etan. 

Horretaz aparte, udalak jakinarazi du agorrilaren 4an, asteartea, haur eta nausiyen egune ospatuko dela. Ohi bezala, adinduendako bazkaria antolatu du udalak. Bazkaltzera joan nahi duenak udaletxean izena eman beharko du. 65 urtetik gorakoek etxarriarrendako dohainik izanen da. Bazkarira joan nahi duten gainerakoek 29 euro ordaindu beharko dituzte. 

Lan eskaintzetarako, ttattarra jaso edo bazkarian izena emateko epea garilaren 22an, asteazkena, 14:00etan bukatuko da. 

Play back txapelketa 
Agorrilaren 1ean, larunbatean, 18:00etan 31. Play back txapelketa jokatuko da. Parte hartu nahi duten haur, gazte eta helduak garilaren 30era arte dute izena emateko aukera. Horretarako kultura@etxarriaranatz.eus helbidera idatzi behar dute. Bestela, txapelketaren egunean bertan lehiaketa hasi baino ordu erdi lehenago eman daiteke izena. Musika USB batean aurkeztu beharko dute parte hartzaileek. Koreografia eta euskal abesti onenarendako ehuna euroko saria izanen da. Talde parte hartzaile bakoitzarendako 25 euro izanen dira.