Uda Sakanan 2026

"Erraldoirik gabeko festak ez ditut imajinatzen"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 31

Aratz, Iraia eta Izadi Sanchez Aristorena eta Katixa eta Osiñe Apalategi Urbitarte etxarriarrek erraldoiak dituzte eta konpartsako kide ere badira

Boskote etxarriarra erraldoien zalea da. Osiñe: "txikia nintzela gure familiakoak konpartsan ibiltzen ziren eta beti ikusten egoten ginen. Horregatik gustatzen zaizkit". Katixari erraldoiak dantzan ikustea oso polita iruditzen zaio, "soineko horiek nola mugitzen diren ikustea asko gustatzen zait. Izadi: "gure amak erraldoia dantzatzen zuen eta, horregatik, txikitatik erraldoiak gustatzen zaizkigu". Iraiak berretsi du. Erraldoiak dantzatzen dituelako gustatzen zaizkio Aratzi.

Handiekin entseatzen hasi eta orain denak batera ateratzen gara

Pandemia garaian Etxarri Aranazko erraldoi konpartsak erraldoi txikiak nola egin azaltzen zuten bideoak zabaldu zituen bere Youtubeko kanalean. Izadik azaldu duenez, "lehenengo hasi ginen Iraiaren erraldoia egiten. Osiñeren erraldoia handitu behar zuenean, niri beste erraldoi bat egin zidaten. Eta, azkenean, Aratzi beste bat egin zioten". Etxekoek hiru erraldoi dituzte, "baina udaletxean gordetzen ditugu", argitu du Izadik. Erraldoia amaren laguntzaz egin zuela azaldu du Aratzek. "Josi amiñak, egitura aittunek", jarraitu du Iraiak.

Katixak argitu duenez, pandemian etxean erraldoia egiten hasi ziren: jantzia amonak egin zuen, egitura aitak eta burua eta gainontzekoak gurasoek. Osiñerena etorri zen gero. Aratzen erraldoia zanpantzar bat da, Iraiarena dantzaria, Izadirena Mari, Katixarena Mari Domingi eta Osiñerena Gartxot. "Handiekin entseatzen hasi eta orain denak batera ateratzen gara", argitu du Katixak.

 

Festetan

Boskotea erraldoi konpartsarekin batera Etxarriko festetan kalejiran ateratzen da. Aratz eta Iraia Etxarriko festetan bakarrik ateratzen dira, kalejiran lagunek laguntzen diete, baina beraiek dantzatzen dituzte erraldoiak. Izadi festetan oso gustura ibiltzen da. Argitu dutenez, "indarrak hartzeko, lehenengo konpartsako guztiok gosaldu egiten dugu". Katixari erraldoi konpartsarekin ibiltzeak poztasuna ematen dio: "gainera edozeinek ez du erraldoi bat. Eta nik badaukat". Katixak eta Osiñek buelta osoa laguntzarik gabe egiten dute, "eta buelta nahikoa handia da", nabarmendu du Katixak. "Nekatuta baina pozik ailegatzen gara", argitu du Osiñek. Igerilekuan eta Ataunen ere dantzatu dituzte erraldoiak.

Erraldoiak dantzatzen ikastea ez dela asko kosta jakinarazi du Aratzek. Iraiak esan duenez, "dantza berak dira, eta badakizkigu. Noizean behin dantza berriren bat egiten dugu. Baina denak antzekoak dira". Katixak jakinarazi duenez, "txikiak denak batera entseatzen hasi ginen joan den urtean, dantzak hobeki jakiteko. Eta handiekin ere bai". Neguko "etenaren" ondoren martxa hartzea kostatzen zaiela aitortu dute. Hala ere, neguan "bilerak egiten ditugu eta dantza berriak asmatu. Erraldoirik gabe erraldoien dantzak dantzatzen ditugu", argitu du Katixak.

Beroaldiak ez du lagundu entsegu asko egiten. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera egiten dituzte entseguak plazako zabalgunean. "Jendea ikustera etortzen da", jakinarazi du Iraiak. Osiñeri gehien gustatzen zaion dantzak Leten etxea izena du. Katixari dantza berria, Gwendal, eta kilikiena gustatzen zaizkio. Izadiren gogokoak zeta eta kilikiena dira. Iraiari eta Aratzi kilikiena.

Bestalde, Iruñera, Arbizura eta Altsasura erraldoiak ikustera joan izan direla jakinarazi du Izadik. Katixak "jende guztiari" erraldoi konpartsan sartzea gomendatu dio: "hasieran zaila da, pisu handia duelako. Baina ohitzen joaten zara eta, ondoren, oso polita da. Gainera, erraldoirik gabeko festak ez ditut imajinatzen". Etxarriko festetan larunbatean eta igandean aterako da boskotea.