Txirrindularitza

Ekai Erdozia Ibarran txapeldun

Guaixe

Ekai Erdozia, podiumean. Etapa garaipena eta mendiko saria lortu zituen. SAKANA GROUP-ARALAR

Sakana Group-Aralar taldeko junior etxarriarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen.

Abuztuaren 29an XLIV. San Bartolome Saria jokatu zen Ibarran (92,5 km), juniorren mailako lasterketa. Proba oso gorabeheratsuan Ekai Erdoziak (Sakana Group-Aralar) behar zuen tokian jo zuen erasoa eta Ibarrako helmugara bakar-bakarrik iritsi zen (2:04:23), Eritz Atxegari (Ampo) 7 segundo aterata. Ekaik ekainean Galarren lortutako garaipenaren segidan, hau denboraldiko bere bigarren garaipena da. Halaber, etxarriarrak mendiko txapelketa irabazi zuen. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sakana Group-Aralar taldekoak lehiatu ziren Ibarran, eta fin aritu ziren. Javier Arenal hemezortzigarren sailkatu zen, Unax Etxeberria 32., Urko Oiarbide 35. eta Alex Gonzalez 74.