1 Nolaz bururatu zitzaizun bargaren eskultura bat egitea?
Autoz hona etorri eta burnizko iturri bat zegoela ikusi nuen. Itsusi zegoen. Niri iritziz, burniak basoan ez du itsurik egiten. Harria politagoa da. Alkateari hala esan nion. Harrizko zerbait egiteko prest nengoela esan nion. Baiezkoa jaso nuen, eta aurrera.
2 Harri batek baino gehiagok osatzen dute eskultura, ezta?
Dozena bat, gutxi gorabehera. Hasiera batean bargako zati bat egitekoa nintzen, garrantzitsuena, Artzabal eta Baiza gainak hartzen dituena. Harri bakarrean egin behar nuen. Baina gero animatu eta barga guztia egin genuen: Beriaindik Hiruhaitzetara. Argi dago Leziza falta dela. Horregatik haren parean kurba moduan dago. Barga gainean zerua eta hiru laino jarri ditugu. Nabarmenduta daude San Adrian ermita, Artzabal, Baiza, Lizarragako eta Etxarriko askak eta bargan dauden mendixkak. Luzeran 3,30 metro dauzka. Eskultura egiteko arbera erabili dugu, baina Beriain egin dugun harria ikaragarri gogorra atera zaigu. Nahiz eta toki berekoak izan.
3 Harriak lotu behar izan zenituzten, ezta?
Bai, ikusten da pieza bakarra ez dela. Lotuneak jendea nahasten dute. Batzuek esaten dute zerua kentzeko eta mendiaren erliebea uzteko. Baina niretako politagoa da zerua eta mendiarekin.
4 Bakarrik aritu zara lanean?
Juan Manuel Sanchezek asko lagundu dit. Eta beste batzuk ere. Harriak ekarri zituen traktorista, Valentin. Beti egon da bakarren bat laguntzen. Udalaren biltegian egin dugu. Handik traktorean ekarri genuen honutza. Eskultura jartzeko murrua egina zegoen eta piezak gainean muntatu genituen. Konponketa batzuk egin beharra du oraindik.
5 Panel batean toponimoen berri eman duzue.
Jendeak bakarrik harri kozkor bat ikusi beharrean, tokien izenak ikasteko modua da. Bertakoek beharbada jakinen dute, baina kanpotarrek ikasiko dituzte. Jendea gidatzeko balio du.
6 Noiz hasi zineten eskultura egiten?
Otsailaren akaberan. Maiatzaren 1erako jarri nahi genuen, baina luzatu da eta festetarako zegoen.
7 Aurretik horrelako lanak eginda zaude, ezta?
Bai. Honekin Etxarrin hiru iturri eginak ditut. Andra Mari ermitakoa, 1993an eginda. Lagundu egin zidaten. Goiko marrazkiak Jose Martin Albarracin, Baleztenak, egin zituen. Pablo Zabalak eta asko lagundu ninduten. Goiko eskultura nik egin nuen. Egun gaztetxea dagoen tokian lehen udal biltegia zegoen eta han egin genuen. Beriain, 1999ko maiatzean jarritakoa plazako jolas parkearen eta kultur etxearen ondoan. Zuzkirena izan zen ideia. Pitilastik ekarritako pieza bakarrean egindako eskultura da hura. Hiltegi zaharrean egin genuen. Hortik nahi duzuna atera dezakezu. Bargako hau pieza bakarrean balego, jendeak hobe nabarituko luke. Hainbeste urtegarneko beste iturriren bat eginen nuenik ez nuen uste. Eta Andra Mari ermita parean, lurrean dagoen Euskal Herriko mapako harria Beriain iturriko harriaren "anaia" da, Pitillaskoa ere.
8 Etxerako edo lagunendako eskulturak egin dituzu?
Etxerako. Nafarroako armarria-eta, gauza politak ditut.
9 Jendeak eskatzen dizkizu?
Eskatu, eskatu, ez. Baina bakarren bati egin izan diot zerbait.
10 Nola ikasi zenuen?
Ibili eta ibili, hala ikasi dut. Nire albiziora. Oso gustura egoten naiz harria lantzen. Segitzen dut, baina gauza txikiak egiten, maneiagarriak. Beste iturri bat egiteko asmoa badut, baina boluntario gutxi ditut, nazkatuta ditut denak.
11 Halako lanak eginda, zure burua eskultoretzat duzu?
Bai zera. Ni zaletu bat besterik ez naiz. Harria lantzea ikaragarri gustatzen zait, eta kitto. Zaletasuna aspalditik dut, txikitatik hasita. Ez dakit nola sartu zitzaidan harriarekiko zaletasuna.