Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak larunbatean ospatutako aurkezpen festa politarekin mustu du 2026/2027 denboraldia. "Ideia zen denboraldia hasi baino lehen egun bat finkatzea, gure futbol taldeen familia argazki bat egiteko. Ekitaldi xume honetan talde bakoitzaren argazkia atera dugu, bertaratutako jende guztiarendako auzatea prestatu, eta, azkenik, erregional preferentearen eta beteranoen arteko futbol partida antolatu dugu, garai batean taldean aritu zirenek zelaiaz disfruta zezaten" azaldu zuen juntako presidente Izaskun Erdozia Ulaiarrek. Etxarri klubari lotutako aurpegi ezagun asko bildu ziren festara.
Bi talde gehiago
2026/2027 denboraldirako 12 futbol talde ditu Etxarri Aranatzek, iaz baino bi talde gehiago. Horietatik lau nesken taldeak dira –neska kimuen bi talde, infantilak eta kadeteak–, eta mutilen zortzi talde: benjaminak, kimuen bi talde (2015 eta 2016 urtekoak), infantilak, kadeteak, jubenilen bi talde (bigarren mailakoa eta preferente mailara igo dena) eta erregional preferente mailakoa. "Nesken kimuen taldean neska pila bat daude. Bi talde egiteko bizpahiru jokalari gehiago behar genituen eta azken orduan posible izan da. Irailaren 9an sortu genuen bigarren taldea”.
Izaskun Erdozia Ulaiar: "Espero dezagun talde guztiek denboraldi ona egin dezatela, zentzu guztietan"
Talde erregionala iaz mailaz igo zen, eta aurten preferente maila mustuko du. "Berez ez dugu aldaketa handirik sumatu. Gastuak handiagoak dira, ordea, arbitroa izateaz gain, kategoria honetan linierra behar delako". Aldaketa handiena entrenatzailearena izan da, Ioseba Bakaikoak utzi duelako. "Iaz, azkenean, urte bat gehiago aritzera animatu zen, baina denbora eskatzen dio, eta nekea dela eta, utzi nahi izatea ulergarria da. Bere tokia Mikel Nagore iruindarrak hartu du. Euskalduna da, guretako garrantzitsua dena. Denboraldi aurrean taldea gustura aritu da. Espero dezagun talde guztiak denboraldian gustura ibiltzea, eta zentzu guztietan, denboraldi ona egitea".
San Donato zelaiko festara jende ugari hurbildu zen. Prestatutako auzate oparoarekin ederki gozatu zuten, eta erregional preferenteak eta beteranoek jokatutako partidarekin zer esanik ez. Erregionalak gailendu ziren, 5-0. Atsedenaldian bingoa izan zen, giro alaian.
Juntakoak, prakak bete lan. "Denboraldi bat bukatu eta bestea hasi, lana ez da bukatzen, baina, zorionez, juntan asko gara. Boluntario egiten diren lanak partekatu eta banatu ahal badira, denendako hobeki".
