Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orri batekin etxera bueltatu ziren Etxarri Aranazko azokan irailaren 28an egon zirenak. Elikagaien Galerari eta Alferrik galtzeari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna da irailaren 29a. Hori dela eta, departamentua kanpaina egiten ari da hainbat azokatan.
Kanpainak elikagai hondakinak sortzea eragotzi nahi du. Horretarako, lau ohitura erraz proposatzen ditu: erosi aurretik planifikatzea, etxean denbora gehien daramaten edo lehenago heltzen diren elikagaiak lehenestea, behar bezala kontserbatzea eta elikagai bat heltze puntura iristen ari denean aurrea hartzea, janaria prestatzea, eraldatzea edo hondatu baino lehen kontserbatzea. Departamentuko ordezkariek azaldu dutenez, "elikagai hondakin gehienak plangintza ezaren
ondorioz sortzen dira. Erosi baino lehen, pentsatu ongi hozkailuan duzun horrekin plater berri bat egin ote daitekeen edota izoztu dezakezun, aurrerago jateko".
Informazio gunean egon zirenek azaldu zutenez, "elikagai xahuketa murrizteak ez du nahitaez aldaketa handirik behar. Askotan nahikoa izaten da keinu txikiak egitea eta etxean ditugun elikagaiei beste modu batera begiratzea. Hobeto aprobetxatzeak hondakinak murriztea, dirua aurreztea eta horiek ekoizteko erabilitako baliabideak zaintzea ahalbidetzen du". Gaineratu zutenez, "kontua ez da gutxiagorekin janaria prestatzea, daukaguna hobeto aprobetxatzea baizik. Jaki bat bota aurretik, itxura perfektua galdu duelako, herritarrak animatu nahi ditugu une batez geldi daitezen, beha dezaten eta sukaldean oraindik bigarren aukera bat izan dezaketen galdetu". Horregatik, herritarrei elikagaien aurrean "bestelako begirada" izatea eskatu diete.
Azokan
Klown bat azokara joandakoen arreta bereganatzen saiatu zen. Azokara erostera joan zirenei halako galderak egin zizkien: "Zer egiten duzu fruta bat helduegi jartzen hasten denean? Zer egiten duzu freskotasuna galdu duen barazki batekin? Ogia botatzen duzu soberan dagoenean? Ba al dakizu iraungitze-data eta kontsumo lehenetsiaren data bereizten? Badakizu zer errezeta egin ditzakezun fruta helduegi batekin? Zein elikagai bota ohi duzu pentsatu gabe oraindik balia ditzakezun?" Galdera horien bidez kontsumitzaileak informazio gunera erakarri eta merkatura egindako bisita erosketa, kontserbazio eta sukaldaritza ohiturei buruz hausnartzeko aukera bihurtu zuen.
Departamentuaren ekimenak frutetan, barazkietan eta ogian jarri du arreta bereziki. Elikagai horiek freskotasuna, irmotasuna edo jatorrizko itxuraren zati bat gal baitezakete, baina horrek ez du esan nahi aprobetxagarriak izateari utzi diotenik. Horretarako, ideia sinple batetik abiatzen da: "perfektua izateari uzten dion guztia ez da alferrik galtzen. Banana oso heldu bat irabiaki edo bizkotxo bihur daiteke; azenario bigun samarra krema bat prestatzeko erabil daiteke; tomate oso heldu bat saltsa edo gazpatxo bihur daiteke; eta ogi lehorrak bigarren bizitza bat izan dezake torrija, mami, pikatoste edo pudin moduan".
Halako aholkuak ematen dituen gida bat banatu zuten azokan. Gainera, ontziratutako elikagaietan ageri diren bi kontzepturen inguruko argibideak ematen ditu: kontsumo lehenetsia eta iraungitze da. Kontsumo lehenetsiko datak esan nahi du noiz arte mantentzen dituen bere zapore, usain edota testura ezaugarririk onenak. Behin data pasata, egokia izaten jarraitzen du ongi kontserbatu bada, ontzia egoera onean badago eta itxura, usain eta testura normalak mantentzen baditu. Iraungitze data, berriz, elikagaia segurtasunez noiz arte kontsumitu daitekeen adierazten du. Data pasata ez da kontsumitu behar.