Astekaria

Txapelketaren bidean

Eneida C. M. eta Erkuden R. B.

Eneko Lazkoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. ARTXIBOA / NBE

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan da, eta urriaren 3an, Donapaleun, Sakanako ordezkari bakarrak txapelketa nagusia ibilbidea hasi zuen: Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra. Aurretik GUAIXE IRRATIAn izan zen. 

Bertsozaleendako urte berezia da aurtengoa, lau urtetik behin jokatzen den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren urtea delako. Irailaren 19an hasi zen eta abenduaren 20an amaituko da, Iruñean. Guztira 50 bertsolarik parte hartuko dute txapelketa nagusian. Eta tartean sakandar bakarra dago, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra. "Sakandar bakarra bertsotan, Joseba Beltza ibiltzen da, epaile bezala aurten ez, baina epaile taldean bai, atzealdean badago". Urriaren 3an Donapaleuko saioan hasi zuen bidea txapelketan etxarriarrak, eta aurretik GUAIXE IRRATIAn izan zen Eneida Carreño esatariarekin solasaldian. 

Aurreko txapelketako unetxo bat gogoratzen hasi dute irratiko solasaldia, aipatzen dutenez, neke aurpegia ikustean zaio Lazkozi: "Askotan txapelketan emaitza onek nekea estaltzen dute, baina final hori ez zen espero bezain ongi atera". Bereziki oroitzapen txarrik ez duela esan du eta "bai ongi bai gaizki" egiten denean "saiatu egin beharra" dagoela gaineratu du bertsolariak: "Ulertzen zergatik pasatzen diren eta zure esku dagoena ulertu eta zure esku ez dagoena zure esku ez dagoenez, horrela utzi behar". 

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan 50 bertsolari ariko dira lehenengo fasean; horietako zortzi Nafarroako Bertsolari Txapelketan finalistak izandakoak. "Bertsozale elkarteak hausnarketa eta arrazoiketa desberdinen ondoren erabaki du herrialde bakoitzeko zenbat bertsolarik parte hartuko duten". Hortaz, Lazkozek gogoratu duenez, duela hamabi urte, duela hiru txapelketa arte, Nafarroatik lau bertsolari joaten ziren, gero bost izan ziren, eta orokorrean txapelketa honetan sei bertsolari gehiago izango dira: "bi nafar, bi arabar eta Iparraldeko bi". Lurraldetasunari garrantzia eman nahi izan diote. "Orain dela dozena bat urteren bikoitza joango gara Nafarroatik; bertsolariak ezagutzeko eta jendea begiratzeko aukera polita da". 

Lehenengo fasean 42 bertsolari ariko dira, eta beste zortziak, Maialen Lujanbio gaur egungo txapelduna tartean, "itxoiten" egongo dira, aurreko txapelketan finalistak izan zirelako. "Aurreko txapelketetan finalaurrekoetan plaza bat gehiago zegoen, baina aurten lehendabiziko fasean inoiz baino bertsolari gehiago gaude, baina finalaurrekoetan inoiz baina aukera gutxiago sartzeko, orduan, botilaren muturra estutu egin da", azaldu du Lazkozek. Finalaurrekoetan, guztira, 24 bertsolari ariko dira; lehen fasetik sailkatuko diren hamazazpi eta aurreko urteko zazpi finalistak. 

Txapelketak
Lazkozen hirugarren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango da, eta zoriak nahi izan du lehenengo saioa Etxarriko ferietan izatea, "Etxarriko Ferietan bigarrena, eta Nafarroako Txapelketak batzen baditugu gehiago aterako dira". 

Etxarriarra zozketa egunean egon zen; bertan saio bakoitzeko bertsolariak aukeratzen dituzte, eta egun horretan ere karteletan, web orrian eta abar agertzen diren argazkiak egiteko baliatzen dute. "Larunbat goiz oso batean argazkiak egin, zozketa eta aurkezpen moduko bat ematen da azalpenak emateko". Udaberrian izan zen, eta lehenengo saioaren aurretik txapelketaren aurkezpen ofiziala egin zuten, baina Lazkoz ez zen egon. 

"Beti dauzkazu preferentziak; baina ez dakit oso ona den garbi edukitzea zer nahi duzun"

Zozketa egunean "nerbiotxo batzuk" sortzen direla aitortu du bertsolariak: "Beti dauzkazu preferentzia batzuk". Altsasuko saioan tokatzea ere nahi zuen, "pozik kantatuko nuke Altsasun, baina aldi berean ez dakit oso ona den garbi edukitzea zer nahi eta zer ez duzun nahi, nahi ez duzuna tokatzeko aukera gehiago dauzkazu". Hortaz, Lazkoz saiatzen da pentsatzen tokatzen zaiona tokatu zitekeen onena dela. 

Laugarrena

Urriaren 3an Donapaleun izan zen Eneko Lazkozen txapelketaren bere lehenengo saioa. Bitxikeria bezala, azaldu du Carreñok, Nafarroako Erresumaren hiriburua izan zela eta pribilegio moduan moneta txanponak egiten zirela, 400 urtez iraun zuen, eta Moneta Hotela deitutako eraiki bat dago, izen bereko kalean. Lazkoz: "Beti da inportantea kantatzen duzun tokia ezagutzea; Donapaleu bera baino, Iparraldeko gaur egungo inguruan informatzea. Zerbait egingo dugu, bestela, ez dakiguna disimulatzen ea asmatzen dugun". 

"Oxala bi edo hiru saio irautea; bidean disfrutatu nahi dut, zerbait aberasgarria izatea"

"Egia esan, izena eman aurretik ez neukan batere gogorik txapelketan parte hartzeko, eta zalantza asko eduki nituen izena eman edo ez". Julio Sotorekin hitz egin zuen, "ea zer asmo zeukan", eta argi izan zuen izena ematen bazuen "bidean" disfrutatzeko izango zela: "Oxala bi edo hiru baita lau saio ere iraungo banu txapelketan, baina oso posiblea da lehenengoan kanpora joatea". Hortaz, bide horretan disfrutatu nahi duela eta "zerbait aberasgarria eta polita" izatea nahi du. "Horrelako berme txiki bat lortu nuen Julioren eta beste bertsolarien partetik, eta alde horretatik pozik. Orain arteko bidea gustura egin dut". Abuztuko oporretan etxean "lan gehiago" egin duela azaldu du, "eta irudipena daukat zerbait nabaritzen ari dela; orduan, pozik". 

Harremana

"Non eta noiz baino, kontua da norekin; harremanaren arabera asko aldatzen da"

Donapaleuko saioan aritu ziren bertsolarien artean "batzuk oso gertukoak" dituela esan du etxarriarrak. "Denak ezagutzen ditut. Batzuekin nahiko harreman gertukoa daukat". Oihane Iguaran, esaterako, Etxarriko Festetako bertso saioan aritu zen. "Alde horretatik zozketa egunean non eta noiz baino, kontua zen norekin. Ni berez plazetan ez naiz asko aritzen, orduan, nire belaunaldiko bertsolariekin, kintakoekin, harremana eta konfiantza badaukat". Adin kontuagatik baino, harreman kontua dela azaldu du. "Badaude bertsolari asko bakarrik bistaz ezagutzen ditudanak, ez daukat harremanik, eta bai kantatzeko orduan bai saio aurreko denbora horretan, ondokoekin duzun giroaren eta harremanaren arabera, asko aldatzen da". Alde horretatik tokatu zaion taldearekin "oso pozik" dago. 

Euskal Herriko Txapelketarako prestatzeko lan asko duten galdetuta, Lazkozek azaldu du "saio tipiko" baterako prestatzeko lana dela: "Esango nuke Nafarroako Txapelketako finalerdi baten antzerako". 

Saioak oso luzeak izan ohi dira, eta horrek eragina duela esan du bertsolariak: "Ez da saioa bakarrik. Aurreko eguneko tentsioa da, nik normalean ongi egiten dut lo, baina badago jendea lo egitea ere kostatzen zaiola, eta gero dena pilatzen eta pilatzen joaten da". Kontzentrazioari eustea ere kostatzen dela esan du. "Arkaitz Goikoetxearekin bertso eskolan aritzen ginen eta udan ere tarteka elkartu gara, eta hark beti garrantzia ematen zion eta esaten zigun finaletan eta txapelketetako saioetan txokolate pixka bat edo jateko zerbait eramateko". Buruko presio horrek fisikoki ere eragina duela gaineratu du. 

"Zerbait ikusi dut, baina gutxi. Orain entrenatzen aritu gara eta guk asmatutako gaiekin entrenatzea gustatzen zait. Saiatzen naiz saioak ez entzuten, gai horiek gero erabili ahal izateko bi lagun elkartzen garenerako". Prestatzen segitzeko arrazoiak izatea nahi du etxarriarrak, "horretan saiatuko gara". Bestela, finalean izango da, harmailetan bada ere: "Oso urruti dago, notizia onak izatea espero dut". 

Aurrekoak
Irailaren 26an Altsasuko Burunda frontoian izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen fasearen bigarren saioa, eta Oier Etxeberriak irabazi zuen saioa. Irailaren 27an txapelketak Lekeition jarraitu zuen eta Ane Labaka nagusitu zen txapelketaren hirugarren saioan. 

Burunda frontoian 500 bertsozale inguru bildu ziren. Maialen Belarra Enetearreagak egin zituen saioaren gidari lanak, eta haren ondoan zozketak erabakitako ordenean Eneko Araiztegi Agirre Korta, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Oier Etxeberria Zubimendi, Imanol Uria Albizuri, Txaber Altube Sarrionandia eta Eñaut Martikorena Lizaso bertsolariak izan ziren. 

Ariketa puntuagarriak egin ondoren, Etxeberria izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 672,5 puntu, eta beraz zuzenean finalaurrekoetako lehenengo itzulira sailkatu da eta Miarritzen kantatuko du azaroaren 14an. Ondotik geratu diren bertsolariek lehenengo fasea amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren jakiteko. 

Lekeition sarrerak agortu ziren, eta Ane Labakarekin batera, 681 punturekin finalaurrekoetako lehen itzulira sailkatu zela, Aner Peritz Manterola, Maddalen Arzallus Antia, Aitor Bizkarra Ruiz, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Aroa Arrizubieta Barredo bertsolariak aritu ziren. Labakak Gernika-Lumon kantatuko du, azaroaren 7an.