Astekaria

Mugikorrik gabeko arnasgunea bihurtu da Andra Mari ikastola

Guaixe

Orella kartela jartzen. UTZITAKOA

Langileen eta gurasoen arteko hausnarketa baten ondorioa da indarrean den protokolo berria.

Andra Mari Ikastolak mugikorren erabilera arautu du, eta ikastetxeak "mugikorrik gabeko arnasgunea" bihurtu dira. Ikastolako pedagogia zuzendari Iñigo Orella Altzuetak azaldu duenez, "azken urteotan jendartean eta gure etxeetan gero eta ageriagoa den kezka bati erantzun

nahi diogu: pantailen eta telefono mugikorren erabilerak adingabeen emozio garapenean eta garapen digitalean duen eragina". Hori ikusita, "gailuen erabilera osasuntsu, arduratsu eta kritikoa bermatuko duen araudia onartu dugu". Argitu duenez, "langile eta gurasoen arteko hausnarketa sakon eta partekatutik jaio da protokolo berria, gure ikasleen ongizate emozional zein digitala zaintzea helburu nagusi izanda".

Orellak nabarmendu duenez, araudiaren berrikuntza da "helduon mugikorren erabilerari" erreparatzen diola. "Umeei eta gazteei muga osasuntsuak jartzea garrantzitsua den neurri berean, helduok ematen dugun eredua ere funtsezkoa da". Horregatik, araudiak ikasle, irakasle, langile eta gurasoen mugikorren erabilera ere arautzen du Ikastolako eremuan, "koherentzia pedagogiko eta soziala bilatuz", azaldu du Orellak.

Neurriak
Indarrean jarritako protokoloaren arabera, "langileek ezingo dute telefono mugikorrik erabili ikasgelan, pasabideetan ezta jolastokian ere". Pedagogia erabilera edo ezinbesteko egoerak dira salbuespenak. Bestetik, ikastolako gurasoei eskatu diete seme-alabak jasotzeko orduan edo ikastolako eremuan daudenean, mugikorren erabilera alde batera uztea. Horretarako, "sarreretan eta pasabideetan ikastola mugikorrik gabeko arnasgunea dela dioten kartelak jarri dira".  Ikasleei dagokienez, ezingo dituzte telefono mugikorrak edo smart watch-ak erabili ikastolan edo beraren ardurapeko jardueretan (garraioa, jantokia, irteerak...).

Erabaki horrekin Andra Mari Ikastolak ltxa Burua mugimenduarekin bat egin du. Orellak jakinarazi duenez, "hausnarketa hau Euskal Herriko Ikastolek laster aurkeztuko duten Marko
Teknopedagogikoaren norabidean kokatzen da". Aldi erean, "barne eta kanpo komunikazio bideak argitzeko ere balio izan die. "Izan ere, Nafarroako Ikastolek adostua duten langileen
deskonexio digitalerako protokoloa errespetatzeko eta betetzeko baldintzak hobetuko ditu", argitu du.