Makina bat jende elkartu da asteburuan Etxarri Aranazko plazan. Azienda erakusketa eta haur jolasak izan ziren larunbat arratsaldeko erakarpena. Eguna despeditzeko dantzaldia izan zen. Igande goizean, berriz, tokiko produktuen ekoizleen eta artisauen salmahaiak jabetu ziren plazaz. 26 ziren. Zuzeneko salmenta egin zuten batzuek eta besteek. Haien artean Pottoka Lagun elkartea zegoen, pottokaren errentagarritasuna opatzeko Pausoka proiektuaren berri eman zuena, eta, bide batez, pottoka haragiz egindako saltxitxak, txistorra eta haragi bolak dastatzera eman zuena.
Bestetik, 22. Sakanako gazten txapelketa jokatu zen. Lehen saria Arruazuko Albi gaztandegiak eskuratu zuen. Bigarrena Dorraoko Utxama izan zen eta podiuma Uharte Arakilgo Sustrai gaztandegiak osatu zuen. Soinu banda Sakana Kantuzeko kideek jarri zuten.