Urriaren 3an mustu zen Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarra Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, Donapaleun jokatutako saioan. Lehengo faseko laugarren saioa zen, eta Saioa Alkaizak lortu zuen hurrengo faserako txartela, 683 punturekin. Lazkoz laugarren sailkatu zen, 624,50 punturekin. GUAIXE IRRATIAko Bertso saioan, egindako lanarekin lasai dago, baina ez dago guztiz "asebeteta": "Momentu batzuetan egin nezakeena baino gutxiago egin nuen, baina orokorrean egindako lanarekin gustura nengoen, eta nago".
Saioa
Bertso plazan saioan, Eneida Carreño esatariarekin, Lazkozek egindako saioaren ibilbidea. Zortziko nagusiak hasi zuen saioa Oihana Iguaranekin; musikariak dira eta Lazkozi areto handietan jotzeko nahia sortu zaio eta Iguarani, ez: "Bi postura desberdin eskaintzen dituztenean normalean bat bestea baino popularragoa izan daiteke. Postura txarra zenik ez zait iruditzen; agian ez da popularra". Ironiatik jotzeko aukera ematen duela gaineratu zuen. "Arratsaldeko txarrena izan zen, saioan ongi sartu gabe nengoen". Lehenengo ariketak "hotz" harrapatu zuela aitortu du bertsolariak.
"Giro aldetik ongi". 450 bat bertsozale bildu zen Donapaleuko Airetik gelan txapelketaren saioa ikusteko. Pixka bat "deszentraturik" hasi zela esan du etxarriarrak: "Batzuetan zaila da saioan kontzentratuta sartzea", eta horretan akats "pixka bat" egin zuela uste du, izan ere, gertu musikaren munduan lan egiten duten "erreferentziak" baditu: "Bai talde bai manager munduan ibiltzen den jendea". Kontzentrazioa izan zen gakoa, "ez nengoen guztiz entxufaturik".
Hurrengo ariketa zortziko txikian Sarai Roblesekin lagunak eta kirola egitearen inguruko gaia izan zen: "Nik uste ongi atera nintzela". Saioak puntuari erantzunarekin jarraitu zuen: "Oso gustura gelditu nintzen". Gaurkotasuneko gaiak landu behar izan zituen, erostearen inguruan, "ariketa hau gehiago izaten da galtzeko irabazteko baino; bertsotako desberdinena da". Besteetan bertsoak prestatzeko denbora gehiago dagoela azaldu du etxarriarrak, baina hau bat-batean ateratzen da.
Hamarreko txikian Maider Agirrerekin Baxe Nafarroako bi guraso dira eta kanpoan ikasi behar izan dute, seme-alabek etxetik hurbil ikasi ahalko dute: "Ez nuen kasua ezagutzen, baina ulertzeko modukoa da. Kontrapuntua ematen saiatu nintzen".
"Puntuazioari begira badirudi lan txarra egin nuela, baina ez da hori nire sentsazioa"
Epaimahaiak jarritako puntuazioari begira, baxuena ganbarako lanean jarri zioten Lazkozi (116): "Ez dut ulertzen". Pertsona bat geltokira eraman eta joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu, baina joaten ikusten duela zen gaia: "Burutik pasa zitzaidan ikastera joaten den alaba, baina ez da oso normala ez joateko konbentzitzea. Horregatik alde batera utzi nuen". Harremana hautsi eta badoan horri kantatu zion, "oso gustura gelditu nintzen".
Finalaurrekoetara hamazazpi pasatzen dira, eta Lazkozek "inongo aukerarik" ez duela esan du: "Pena ematen dit batez ere puntuazioa ikusi eta zer pasatu da hemen? Badirudi lan txarra egin dudala, baina sentsazioa ez da hori izan".
