Urriaren 15etik 24ra Munduko Euskal Pilota Txapelketak jokatuko dira Argentinan eta Uruguayn. Orain arte Espainiako selekzioan jokatzen zuten euskal pilotari guztiek, baina aurten Euskal Selekzioak selekzio gisa lehiatzeko aukera lortu du, eta, hortaz, euskal pilotariak hiru selekzioetan banatuta ariko dira lehian: Euskal Selekzioan, Espainiako selekzioan eta Frantziako selekzioan. Orain arte Espainia eta Frantzia izan dira selekzio garrantzitsuenak, eta aurten ikusteko dago.
Nafarroako Pilota Federazioko pilotariak Espainiako selekzioan ariko dira. Hain zuzen ere, Espainiako selekzioak Argentinara eta Uruguayra bidali duen ordezkaritzatik gehiengo nabarmena nafarrak dira: 33 pilotari, 7 hautatzaile eta 2 epaile. Horiexek zenbakiak. Dagoeneko selekzioa Argentinan dago, eta jokoan dauden 22 modalitateetatik 20etan lehiatuko da.
Mundialean lehiatuko diren 33 pilotarien artean sakandar bat dago, Josu Igoa Lopez de Aguileta. Etxarriarrak 36 metroko frontoian jokatuko du, esku pilotako modalitatean. Pilotari afizionatuendako Mundialak jokatu ahal izatea euren kirol ibilbideetan dagoen gorena da.