Auzolana egin dute eskolan

Guaixe

Gurasoak auzolanean armairuak jartzen. GURASO ELKARTEA

Besteak beste, margotze eta konponketa lanak egin zituzten.

San Donatoko guraso elkarteak ikasturtean zehar hiru auzolanetara deituko ditu eskolako komunitateko kideak. Aurrenekoa, pasa den asteburuan egin zuten eta guraso, irakasle eta haurrak elkartu ziren. Guztien artean, alde batetik, aisialdi gunean dagoen tibetar zubiko enbor guztiak ordezkatu zituzten, hala zubia guztiz berritu zuten eta erabilgarri utzi zuten. Bestetik, baratze sasoiari ekiteko negutegia prestatzen aritu ziren. Bestalde, parkearen ondoan, lurrean margotuta dauden jolasak berriz margotu zituzten. 

Horietaz aparte, Lehen Hezkuntzako 1. mailako gelan aritu ziren. Gela horretan pasabidera ematen duten leiho berriak egin zituen udalak udan. Gelan zeuden armairu zaharrak kendu ziren. Haien tokian apal berriak jarri zituzten. Aldi berean, ikasleendako eta irakasleendako txoko bana sortu dituzte. Gelan apalategi eta esekigailu gehiago jarri zituzten. Aurrera begira, gela horretan zorua eta argiak aldatzea aurreikusten dute. Izan ere, guraso elkartearen asmoa da urtero gela bat berritzea, pitteka gela guztiak berritu arte. 

Horretaz aparte, auzolanean zuzendaritzako pasabidea margotu zuten. Duela hiru urte hasi ziren pitteka pasabideak margotzen eta dagoeneko bi besterik ez zaizkie gelditzen: jantokiko gunekoa eta azken solairuko frontoiaren aldeko pasabidea.