Etxarri Aranazko Udalak eta Cederna Garalur elkarteak erosketa bonuaren eskaintza egin dute aurten ere. Bonuen bidez, Etxarri Aranazko Udalak herriko establezimenduetan erosteak duen garrantziaz sentsibilizatu nahi du, establezimendu horiek itxi ez daitezen eta, horrela, etxarriar guztiek euren zerbitzuez gozatu ahal izan dezaten.
Bonua hamar euroko bonifikazioa da, Etxarri Aranazko Udalak eskaintzen dizuna. Kanpainari atxikitako Etxarri Aranazko establezimenduetan soilik erabili daiteke, betiere erosketa 30 eurotik gora gastatzen badira. Halakoetan, bonua aurkeztuta, erosleak hamar euroko gutxiago ordaindu beharko ditu.
Haietakoren bat eskuratu nahi duenak udaletxetik pasa beharko du lastailaren 26tik 30era, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara. Bonu bat eskuratzeko ezinbestekoa da adin nagusikoa izatea eta Etxarri Aranatzen erroldatuta egotea. Bonua jasotzean nortasun agiria aurkeztu beharko da. Ezin izanen da bonurik jaso beste pertsona baten izenean edo ordezkari gisa, salbu eta pertsona horrek agiri ofizial bidez egiazta daitekeen desgaitasuna edo mendetasuna badu. Bonu horiek establezimenduetan azaroaren 2tik 21era gastatzeko aukera izanen da. Bakarren batek bere bonua galtzen badu, udala ez da galeraren erantzule izanen.
Batzea
Udalak argitu duenez, bi edo hiru pertsonak beren bonuak elkartu nahi badituzte erosketa bat egiteko, posible da, betiere bonu bakoitzeko 30 euroko gutxieneko erosketa egiten bada. Esate baterako: bonu bat erabiltzeko behar den gutxieneko erosketa 30 eurokoa da; bi bonu elkartzeko gutxieneko erosketa 60eurokoa izan behar da, eta hiru bonuren kasuan 90 eurokoa. Erositakoa bueltatzeko aukera establezimendu bakoitzaren baldintzen araberakoa izanen da. Bonua ezin denez inoiz diruz trukatu, merkatariak erosketa-bale bat eginen dio bezeroari, erosketaren zenbateko osoagatik, bonuaren kopurua barne, beste une batean gasta dezan.
Deialdiak
Udalak berriki bi lan deialdi egin ditu. Batetik, administrari laguntzaile bat aldi baterako kontratatzeko premiazko deia egin zuen. Izena emateko epea atzo, lastailak 22, bukatu zen. Bestetik, aldi batez bateria irakasle izateko izangaien zerrendan sartzeko lastailaren 26ra arte dago epea.