Urbasan ez dute armarik opatu

Guaixe

Etxarri Aranatzen egindako elkarretaratzea. GAZTE ASANBLADA

Terrorismo delitua egotzita preso dauden bi pertsonei opatutako koordenatuetan ez zegoen ezer. Atxilotuak askatzeko eskatuz kontzentrazioa egin zen Etxarri Aranatzen.

Urbasako koordenatu batean armak zituen zulo bat egon zitekeela eta Foruzaingoa, Ertzaintzaren laguntzaz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak koordinatutako operazio batean, Urbasako leze bat miatu zuten joan zen astean. elDiario.es agerkari digitalak jakinarazi duenez, ETAren ustezko zulo zahar hartan ez zegoen ezer. 

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Antonio Piña epaileak 34 urteko gizonezko bat eta 22 urteko emakumezko bat espetxera bidali zituen lastailaren 20an. Eta Jardun koordinakundeko kide izatea leporatu zien. Ertzaintzak Eskoriatzan irailaren 26an egindako kontrol batean geldiarazi eta han hiru pertsona identifikatu zituzten, bi euskal herritar eta irlandar bat. Lehen biei hainbat material "oso delikatu" atzeman zietela azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Atzeman zietenen artean leudeke ustezko zuloen kokapenen berri ematen zuten koordenatuak eta polizia eta guardia civilen izen zerrenda. "Talde edo erakunde terroristekin" lotutako ustezko delituak egotzi dizkie biei. Haren azterketaren ondoren Irungo Ertzain etxera deitu zituzten, han atxilotu eta Madrilgo auzitegira eraman zituzten bi pertsonak, eta epaileak haiek espetxeratzea agindu zuen. Atxilotutakoek akusazioak ukatu egin zituzten epailearen aurrean. 

Salaketa kontzentrazioa 
Espetxeratzeak salatzeko eta bi atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko Etxarri Aranazko plazan gaztien kontrako polizia muntaiarik ez lelopean kontzentrazioa egin zen larunbatean, lastailak 24. Gazte asanbladako kideek preso daudenei eta haien senide eta gertukoei babesa azaldu zieten. Elkarretaratzean azaldu zutenez, "nazio zapalkuntza eta klase borroka inoiz baino presenteago daude". Etxegabetzeak, haien saiakerak eta etxegabetzeak saihesten saiatzen direnek jasotzen duten errepresioa salatu zituzten. 

Gaineratu zutenez, "Argi izan behar dugu estatu zapaltzaileek edo sistema kapitalistek bere ongizatea kolokan jartzen duen antolakuntza ororen kontra eraso eginen duela". Ziurtatu zutenez, bi gazteen atxiloketa eta espetxeratzea "antolakuntza eta militantzia politikoa kriminalizatzea helburu duen polizia muntaia baten aurrean gaude". Atxilotutakoen eta haien senideen kontra sare sozialetan esandakoak salatu zituzten. "Hori gutxi ez balitz, atxilotuak epailearen aurretik pasa baino lehen errudun deklaratu dituzte". Gazte asanbladako kideek nabarmendu zutenez, "polizia muntaien aurrean jarrera irmorik hartzen ez duenak errepresioa ahalbidetu besterik ez du egiten". Eta "zapalkuntza ororen kontra antolatzen eta borrokatzen segitzeko" deia egin zuten. 

Bestetik, Askek deituta, polizia muntaiarik ez leloa duen manifestazioa eginen da Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta lastailaren 31n, larunbata, 18:00etan.