Astekaria

Giza eskubideen aldeko lana egiteko asmoz taldea sortu dute Etxarrin

Alfredo Alvaro Igoa

Yolanda, Marisa, Sergio, Amaia eta Alba taldeko kideak.

Abiapuntua "aurreiritzien kontrako lanketa egitea" izan zen, herri guztira zabaltzeko. Udazkenerako bi proposamen prest dituzte: ihes gela eta bakarrizketa.

Bat-bateko azalpena eskatuta, "bizitza duin bat bermatzen diguten eskubide sorta dira giza eskubideak. Unibertsalak dira, munduko pertsona guztiendako onartuta daude", zehaztu dute taldekideek. Horiek Yolanda Beltza Igoa, Marisa Maiza Begiristain, Sergio Moro Duarte, Amaia Urriza Yeregi, Alba Madinabeitia Ezkurra eta Kitz Mendiola Barandalla dira.

Taldekideek azaldu dutenez, "giza eskubideen inguruan hausnarketa egiteko elkartu ginen. Munduan dauden egoera sozialen inguruan hausnartzea zen helburua, giza eskubideen ikuspegitik, eta ikuspegi internazionalista eta feminista batetik. Horren inguruan lanketa bat egin nahi dugu". Baina horrekin batera, "gurekin lotura duten arazoak eta errealitateak plazaratzea edo horien inguruan lanketa egitea ere da helburua", gaineratu dute.

Halako errealitateak ere Etxarrin bertan ere badituzte. Argitu dutenez, "guk herrian egiten dugunak munduaren beste nonbaiten ondorioa dauka. Munduaren beste puntuan bizi direnak gurekin gauza asko dituzte komunean". Geroz, "gu eta munduaren beste nonbaiten bizi direnak, denok berdinak gara: nahi, beldur eta desira berak ditugu. Hemen bizi duguna han ere bizi dute", azaldu dute. Horregatik, taldekideen beste helburu bat da "beldurra galtzea 'hango' jendeari, 'beste' jendeari. Hoberenean ez ditugu pertsonak ezagutzen, baina ez dira hain desberdinak. Pixka bat barrura begiratuz gero, ez dira hain desberdinak. Apika komunean gauza asko ditugu eta ez dakigu".

Seikotea martxo-apirila aldera hasi zen biltzen. Bi astero-edo elkartzen hasi ziren, "hausnartu eta taldeari forma emateko". Bilerek elkar ezagutzeko ere balio izan diete. "Aurreiritzien kontrako lanketa egiteko" ideia zuten hasieratik, "eta herri guztira hausnarketa hori zabaldu" nahi zutela azaldu dute. "Taldea bera ere bada gure pribilegioez ohartzeko eta gure eztabaidak izateko leku bat", nabarmendu dute. Hasi berriak dira, "orain gauzak ez ditugu ‘superargi’, eta norabidea askotan ezta ere".

Hainbat dinamika egin dituzte. Hasierakoa poteo antiarrazista izatea nahi zuten. Baina ez dakite herri mailan ezagutzen dituzten, edo egindako dinamikak ikusi zituzten. Horretarako, "pertsonok ditugun berdintasun-desberdintasun horiek herri mailara jaistea izan da helburua, modu sinple batean, jolas dinamiken bidez, jendeak hausnar dezan". Azpimarratu dutenez, "jolasetik asko eta jendeari leziorik emateko asmorik gabe". Aitortu dute "gai potoloak" direla, "baina errealitate horiek gerturatzen" saiatu dira. Esan bezala, beti ere, "jendeak hainbat gairen inguruan hausnartzeko". Emandako pausoetan tabernak eta liburutegia inplikatu dituzte.

Etortzekoak direnak 
Udazkenerako bi eskaintza prestatu ditu taldeak. Aurrena, "gazteriari begira, 12 eta 16 bitarteko gaztetxoendako".  Azaldu dutenez, "munduan dauden borroka eta zapalkuntzak ikustarazi nahi ditugu. Batzuk behintzat, denak ezin baititugu islatu. Batzuk komunak dira, zerikusia dute hezkuntzarekin, osasunarekin, etxebizitzarekin... Geroz eta gehiago urratzen ari diren eskubideak dira". Hori guztia "gazteen hizkuntzara doitu behar dugu. Eta taldean sormen handiko pertsonak ditugunez, Yamu harria scape room edo ihes gela bat sortu dugu. Seriotasuna galdu gabe, jolasaren bitartez, landu nahi ditugun ideiak hor presente egonen dira". Taldeak bost geletatik pasa beharko dute "misterioa argitzeko".

Ihes gela kultur etxean egonen da azaroaren 14an, 11:30ean eta 16:30ean dira txandak. Izena eman nahi duenak liburutegitik pasa beharko du, azaroaren 6ra arteko epea dute. Izena ematerakoan zein txanda nahi den zehaztu beharko da. Gehienez 40 gaztetxok eman dezakete izena, 20 txanda bakoitzeko. Txanda bakoitzean hiru talde egonen dira. Geroz, izena taldeka, bakarka edo binaka emateko aukera dago. Azken bi aukera horien alde egiten dutenak talde batean sartuko dituzte

Kultur etxean bakarrizketa baten emanaldia antolatu du taldeak abenduaren 11ko iluntzerako. Maria Cruickshankek Simpol bakarrizketa eskainiko du. "Bakarrizketa horretan feminismoa eta antiarrazismoa lantzen ditu. Bi gai indartsu horiek lantzen ditu", jakinarazi dute. Doako sarrera izanen dela eta 15 urtetik gorakoendako eskaintza dela argitu dute. Eskaintzaren antolaketan Etxarriko Udalaren laguntza izan dute.