Inork gutxik espero zuen Joanes Bakaikoa B Serieko Final Laurdenetatik kanpo geratuko zela, baina, tamalez, hala gertatu da. Final laurdenetako ligaxkako lehendabiziko bi jardunaldietan garaipena lortu eta gero (Eskirozi 22-12 eta Zubizarreta IV.ari 22-19), hanka eta erdia baino gehiago finalerdietan zuen etxarriarrak, baina hirugarren jardunaldian gertatutakoak guztia hankaz gora jarri zuen.
Hirugarren jardunaldian Bakaikoak Amiano zuen aurkari. Zubizarretaren kontra galdu eta Eskirozen kontra irabazi eta gero, puntu bat zuen Amianok eta promesen mailan Lau eta Erdiko hiru txapela dituen Bakaikoa zen partida irabazteko faboritoa, baina etxarriarrak ez zuen bere eguna izan eta 8-22 galdu zuen Amianoren kontra. Amianok bigarren puntua lortzeaz gain tantoaveragean aurrera egin zuen eta finalerdietara sailkatu zen, Zubizarreta IV.arekin batera. Tantoaveragearengatik, aldiz, Bakaikoa finalerdirik kanpo geratu zen, pena handiz.
B Serieko Lau eta erdiko finalerdiak azaroaren 6an jokatuko dira, Idiazabalen. Amianok Rekalde du aurkari eta Zubizarreta III.ak Zubizarreta IV.a.