Rotabatorearekin lanean ari zela min hartu zuen gizonezkoak

Guaixe

Larrialdietako helikopteroa. ARTXIBOA

Txonboloa harrapatuta gelditu zitzaion. Altsasuko suhiltzaileek askatu dute eta helikopteroz ospitalera eraman zuten.

Malkorramendi eta Kalamurtxei arteko baratze batean rotabatore batekin lanean ari zen gizonezko bat min hartu zuen larunbatean, azaroak 7, 10:15ean. 85 urteko gizonezkoaren hanka-koxkorra rotabatorean harrapatuta gelditu zuen. Larrialdi zerbitzuak gaztigatuta, Etxarri Aranazko osasun etxeko medikua eta erizaina eta Altsasuko parkeko suhiltzaileak joan ziren ezbeharraren tokira. Suhiltzaileek gizonezkoa askatu zuten lehenik eta lehen mediku arta jaso ondoren anbulantzian futbol zelaira eraman zuten, han zuen helikopteroa zain, medikuarekin.  Helikopteroz Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Zauritutako gizonezkoaren pronostiko erreserbatua zen. 

Osasun langile eta suhiltzaileez aparte, istripuaren tokira bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat, oinarrizko bizi-euskarriko beste bat eta Foruzaingoa ere bertaratu dira. Azken hori arduratu zen istripuaren nondik norakoak argitzeaz.

Kontuan izan beharrekoa

Istripuaren ondoren, Foruzaingoak gogorarazi du oso garrantzitsua dela nekazaritzako makinak erabiltzeko kontu handiz ibiltzea, bai familia baratzeetan bai etxeko inguruneetan ere. Emandako aholkuak:

  • Makina erabat itzali rotabatoreko hortzak ukitu aurretik. Hortzak lur, harri eta belarrarekin buxatuta geldi daitezke, eta horiek askatzeko ukitzen dira normalean hortzak.

  • Segurtasun oinetakoak, galtza erresistenteak eta estuak erabiltzea, baita begi eta entzumen babesa ere.

  • Martxan dagoen bitartean haurrak eta maskotak makinaren ekintza-eremutik urrun eduki behar dira.

  • Zaintza zorroztu behar da atzera-martxa erabiltzean edo malda handiak dituzten lurretan lan egitean.

  • Motokultoreak erabiltzeak indarra eta erreflexuak eskatzen ditu. Horregatik, sarritan atseden hartu behar da, eta nekeak edo adinak pertsonaren gaitasun fisikoak murriztu ditzakeenean ez erabiltzea.