"Kontentu gelditu ginen egindako lanarekin. Azkenean, abesbatzarendako lehiaketa bat beti da erronka bat eta exijentzia maila handiagoa eskatzen du". Azaroaren 8an Etxarri Aranazko Abesbatzak Zizur Nagusiko Kultur Etxean izan zen Donejakue Bidea V. Abesbatzen Lehiaketa parte hartu zuen, eta Izaskun Errazkin Beltza abesbatzako kideak azaldu duenez, "ahal duzun onena ematen saiatzen gara beti", eta "gustura" daude egindako lanarekin.
"Emanaldi guztietan saiatzen gara ahalik eta hobekien egiten, baina lehiaketek behartzen zaituzte gauza desberdin asko kontuan hartzen; lanketa horrela egiten dugu". Kontzertu batean baino abesti gutxiago interpretatu behar dituzte lehiaketan, baina abesti horiek "findu" behar dituztela esan du abeslariak: "Partiturarekiko fideltasuna, afinazioa, erritmoa, sarrerak eta amaierak denak batera egitea, ahotsak guztiok bat balira abestea...". Kontzentrazio maila handiagoa eskatzen duela gaineratu du.
Udan hasi ziren lehiaketa lantzen. "Abesti batzuk ezagutzen genituen eta beste batzuk berriak ziren". Abesbatzako kideekin zuzendaritzapean Alicia Armendariz egon zen. Lehiaketa honen berezitasunetako bat luzera zen: "Beste batzuetan esaten dute gehienez 15 minutu direla, honetan kontrakoa zen; gutxienez 15 minutu egin behar genituen". Bost kanta interpretatu zituzten, denek egin behar zuten Javier Busto Sagradoren Pelegria naiziela, O Nata Lux Guy Fobesena, "ahotsekin argia deskribatzen dagoela dirudiela", Julio Dominguezen Lela, Javier Bustoren Ametsetan, "mugituagoa dela; erromeria bat deskribatzen du", eta Franz Friedrich Richard Geneeren Insalata Italiana.
Transmititu
"Batzuetan oso ongi egin dezakezu, baina oso hotza izan; transmititzea garrantzitsua da"
Etxarri Aranazko Abesbatzaren helburuetako bat, teknizismoak ez ezik, "publikoarengana iristea" da: "Eta publikoak esan zigunez hori lortu genuen. Batzuetan gauzak oso ongi egin ditzakezu, eta afinazioa primerakoa izan, baina oso hotza izaten da. Garrantzitsua da publikoarengana iristea". Teknikoki ongi aritu eta transmititu da gakoa. Lehiaketa honetako beste berezitasun bat da dantzariak eraman daitezkeela, antzerkiak egin daitezkeela eta abar. Hortaz, abesbatzarekin batera Iñaki Agirre dantza irakasleak egindako dantza bat egin zuten Maddi Beltza, Elai Gomez eta Irune Lizarraga dantzariek.
Etxarri Aranazko Abesbatzak ez zuen irabazi, baina lehia oso handia egon zela esan zuten. "Ex aequo izan zela esaten zuten". Dena dela, parte hartzea "sari bat" dela esan du Errazkinek. Noizean behin lehiaketara aurkezteko "erronka" jartzen diote. Eskerrak eman nahi dio Erreniegako abesbatzari lehiaketa martxan jartzeagatik, "berria da, bi urtetik behin egiten da".
Etxarri Aranazko Abesbatzaren hurrengo emanaldiak abenduaren 20an eta 23n izango dira, Etxarriko elizan eta Iortia kultur gunean. Disneyko abestiez osatutako kontzertua emango dute.