Astekaria

"Etxarriko historiaren inguruko jakintza zabaltzeko balioko duela espero dugu"

Alfredo Alvaro Igoa

Arkaitz Errazkin Beltza eta Manu Gomez Genua panelaren bi aldeetan etxarriarrei azalpenak ematen Dorremonean.

40 bat etxarriar herriko historiari buruzko bisita gidatuan egon ziren azaroaren 7an. Dorremonea, eliza eta Andra Mari ermitan jaso zituzten azalpenak Manu Gomez eta Arkaitz Errazkin etxarriaren eskutik. 

1. Bisitan zein ondareri erreparatu zenioten?
Manu. Herri barruan dauzkagun zenbait ondare arrastoren inguruan azalpenak ematen aritu ginen. 

2. Nola aukeratu zenuten zer ondareri erreparatu?
Arkaitz. Azaldu beharreko ondarearen aukeraketa egitea zaila izan zen. Informazio zehatza eta hipotesiak dauzkagu. Etxarriri buruz kontatzeko zerk izan dezakeen balioa, ikusgarriena izan daitekeena... Horietan arreta jarriz eta aitzakia gisa erabiliz. Horren arabera egin genuen aukeraketa. Helburua ez zen Etxarri Aranazko herriaren historiaren kontaketa sistematiko bat egitea, errepaso oso bat egitea, baizik eta gaur egun ondare direnak edo ondare izan daitezkeen elementu batzuk hartu eta horien inguruan herriaren historiako pasarte batzuk kontatzea. Eta, horren bidez, herriaren ondarea zaintzeak duen garrantziaz etxarriarrak kontzientziatzea. 

3. Jendeak herriko ondarearen gaineko jakin-mina al dauka?
M. Baietz uste dugu. Herrian arrasto gutxi ditugu. Baina gero eta gauza gehiago jartzen eta ikusten ari dira. Basoan gero eta gehiago azaltzen ari dira. Jendearen interesa poliki-poliki piztu da. 

4. Kontatu zenituzten pasarteak ondareri buruzko azalpenak zabaltzeko modua izan ziren?
A. Ondarearen balioa nondik nora heldu den kontatzeko aukeratu genituen pasarteak. Esate baterako, elizaren estalpean jarririk dauden hilarri horiek erakutsi genituen. Haiek bere baitan ondarea dira. Nafarroako Gobernuak ere ondare izendatuta dauzka. Baina guk aitzakia gisa erabili ditugu Erdi Aroan Sakana nolakoa zen, zer herri zeuden, zein ez... Bi gauzak lotzen saiatu ginen. 

5. Nola jaso zenituzten pasarte horiek?
M. Pitteka jaso ditugu pasarteak. Badaude iturri batzuk: Rafael Carasatorre Vidaurreren idatziak, Iñaki Sagredo Garderenak eta Jose Luis Erdozia Mauleonenak. Eta ahoz aho ailegatu zaizkigunak ere bai.

6. Jasotako pasarteren batek harritu zintuzten?
A. Jendeari herriaren sorrerako kontakizunak interesa pizten dio. Istorio bat edo beste kontatu genituen. Eta Karlistadetako kontu bat ere bai. Zeren, hoberenean, herrian ez gara kontziente, baina Karlistadetan herriak paper garrantzitsua izan zuen. Hori ikertuz jakin ahal izan dugu. 

7. Pasarteak kontatzeko moduak ere garrantzia du?
M. Ni ez naiz horretan artista handiena. Arkaitz gehiago da. Bere arlotik, behintzat, gertuago dago. Ni basoan gehiago ibiltzen naiz, eta hango kontu batzuk kontatzen ditut. Baina pasarteak kontatzeko garaian aldamenean dut artista, bai. 

8. Bisita gidatua kontu horien transmisiorako baliagarria izanen da?
A. Herriaren historiaren inguruko jakintza pixka bat zabaltzeko balioko duela espero dugu. Eta hasieran esandakoa, herriko ondareari balioa emateko eta jendeak ondarea zaindu eta ezagutzera emateko kontzientzia har dezala. 

9. Antzeko bisitak antolatu izan dituzue aurretik?
M. Beheko basoan bat egin genuen. Basoko lanbideen inguruan aritu ginen. Handik abiatu zen oraingo bisita hau. Eta basoan beste bakarren bat egiteko aukera ere ikusten dugu, zeren basoan gero eta arrasto gehiago opatzen ari baikara. 

A. Karrikestu elkarteak proposatuta egin dugu bisita hau. Hemendik aurrera, ikusiko dugu. 

10. Bisita beste noizbait errepikatuko duzue?
M. Herrian harrapatzeko errazak gara. Jendearen borondatearen kontua izaten da. 

11. Azaldutako guztia nonbaiten jasota geldituko da?
A. Uff. Hori urruti gelditzen zaigu. Gainera, guk kontatu genuena batean eta bestean jasota dago. Iturriak ere aipatu genituen. Iturri horietara jo eta haiek irakurrita aberastera gonbidatzen dugu. Argitaratuta dezente dago eta jakin-mina asetzeko moduak badaude.