Igandean mustu zituzten herriko kale berriak

Guaixe 2008ko irailaren 10a

Ekitaldia baino lehen Irurtzunen elkartu ziren Arakilgo alkate, zinegotzi eta kontzejuetako ordezkariak Toki Administrazioko kontseilari eta zuzendariarekin.  Jakina denez, Arakilgo udaletxea Irurtzunen dago eta bertan egin zieten harrera Gobernuko ordezkariei. Egin zituzten eskarien artean Arakilendako udaletxe berri bat eraikitzeko diru-laguntza izan zen. Legeak dioenez udaletxeek udalerrian kokatuak egon behar dute. Arakilgoa, ordea, Irurtzunen dago. Toki Aldministrazioko ordezkariek begi onez hartu zuten eskaria. Mustutze ekitaldiaInaugurazio ekitaldian ez zen ezer faltatu: Irurtzungo apaizaren bedeinkapena eta gero, herriko hiru haurrek aurreskua dantzatu zuten eta Etxeberriko zinegotziak, Ruben Goñik zapi bana jarri zien kontseilariari eta Pedro Pegenauteri, Toki Adminsitrazioko zuzendariari. Ondoren, Irurtzungo buruhandiek primeran dantzatu zuten eta gero, auzate eder bat eskaini zuten bertaratutako guztiei. Etxeberriko sareak eta zoladura berritzeko aurrekontua 273.173 eurokoa izan da, Nafarroako Gobernuak 178.843 euroko diru-laguntza eman du. Etxeberriko lanez gain, Arakilgo beste bi herritan, Hiriberrin eta Izurdiagan ere ari dira sareak eta zoladura berritzen. Hiru herri horien lanen aurrekontua 1,2 milioi euro ingurukoa da, Nafarroako Gobernuak 840.000 euro eman ditu.Etxeberriko Kontzejuak ez ezik Hiriberrikoak ere, Nafarroako Gobernuari eskatu zioten lan horiek egitearekin batera elektraindar, telekomunikazio eta argiteria publikoko sareak lurperatzea ere, izan ere hasieran eginez gero kaleak ez dira berriz zulatu behar. Azkenean Etxeberrik sartu ditu sare guztiak baina ez dute oraingoz diru-laguntzarik jaso, baimena eskatu dute eta etorkizunean diru-laguntza jasotzeko esperoan daude.