Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Nafarroako Goitibehera Txapelketako 10. proba puntuagarria jokatu zen festetan murgildua zegoen Arakilgo Etxeberrin. Hogei bat goitibehera ibili ziren Etxeberriko aldapetan gora eta behera, eta eguraldia lagun, jende dexente hurbildu zen ikuskizunaz gozatzera. Zehazki bihurgunez betetako 300 metroko aldapan behera lehiatu ziren parte hartzaileak. Oso ibilbide ikusgarria izan zen, eta goitibeheraren batek kontrola galdu eta ibilbidetik atera egin zen, baina ez zen inor kaltetu. G1 goma kategorian, hau da, gomazko gurpilen kategorian, lehena Astigarragako Sastraka sailkatu zen (24:42), bigarrena Olaztiko Larratxota(24:96), eta hirugarrena Basaburuako Katanga (25:75). Etxeko goitia, Etxeberriko Lopitxo, 9.a izan zen (28:26). Kategoria librean eta monopatinetan, denbora onena Ollakarizketako Oreinek lortu zuen (27:78). Hirugarrena Eneko arbizuarra izan zen (30:35). Errodamenduetan, azkarrena Nukarrol goitia izan zen (41:20). Bestalde, gogoratu, Inertzia Jolasen Openeko finala asteburu honetan - ostirala eta larunbata- jokatuko dela Sesman.