Lacteos Belaterendako Alimentos de España saria

Guaixe 2009ko urtarrilaren 13a

Landa eta Itsas Garapeneko eta Ingurumeneko Ministerioak emandako Alimentos de España saria jaso du Etxeberriko Lacteos Belate enpresak nekazaritza ekoizpen mailan. Sarituak ezagutzera eman badira ere, sari banaketa oraindik ez da eginSaria ematerakoan ministerioak kontuan izan du "elkarte izaera duen proiektua dela eta ekoizpen sistema berri batekin lan egiten duela". Jakina denez Lacteos Belatek Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua ekoizten du, "ekoizpen sostengarriaren baldintzak betetzen dituena produktuaren kalitatea, ingurugiroa eta errentagarritasun ekonomikoa kontutan hartuz". Etxeberriko enpresa saritzeko kontutan hartu duten beste irizpide bat marka berri baten merkaturatzea izan da, Lacturale izeneko esne marka hain zuzen. IbilbideaLacteos Belate S.A.T 2006.urte hasieran sortu zuten Nafarroako 35 abeltzainek. Tartean Egiarreta (SAT Lazkoz, Lorenzo Lazkoz), Etxeberri (SAT Etxeberri, Juanma Garro), Etxarren (SAT Kitxulabe, Patxi Irurtia) eta Lizarragabengokoak (SAT Minueta, Mikel Azpiroz) daude. Helburu garbi batekin bildu ziren "bai abeltzain lanak, bai lan hauetatik eratorriko produktuak ere hobetzea eta besteengandik desberdintzea". Hala abeltzainen ustiapenetan estatuan aitzindaria den ekoizpen sistema berritzailea ezarri zuten: Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua. Hura ezartzen urte bat eman ondoren, 2007 hasieran Lacteos Belate Igara esnea merkaturatu zuen, Nafarroako Ostalaritza Elkartearen bidez. Nafarroaz gain, esnea Araba, Gipuzkoa eta Huescan banatzen da. Esne horregatik Lacteos Belatek iaz urteko zaporea 2008 saria jaso zuen. Ostalaritzan esneak izandako onarpena ikusita Etxeberriko enpresak Lacturale izeneko esne marka merkaturatu zuen lastailean. Enpresaren erronka esne marka horrekin kontsumitzaile nafarrak bereganatzea da, "bertako esnea, kalitatezkoa eta prezio eskuragarria" duelako. Lacturale esne markak sari berria ekarri dio Lacteos Belateri eta enpresak uste du "bultzada" emanen diela.