Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean, urriaren 1ean hasiko da Pilota Mundiala, Pauen, eta urriaren 10ean despedituko da. Bada, Egiarretan egoitza nagusia duen Lacturale esne etxeak babestuko du Pilota Mundiala. Akordioaren sinadura ekitaldia ostiralean burutu zen Iruñeko Kirolaren Etxean, eta bertan Lacturaleko presidente Juan Manuel Garro, Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren presidente Dominique Boutineau eta Nafarroako Kirol Institutuko buru Javier Esparza izan ziren. Horretaz gain, hainbat kirolari eta kirolari ohi izan ziren ekitaldian. Akordio horri esker Mundialean parte hartzen duten pilotarien kamisetetan Lacturale etxearen marka agertuko da. Zabaleta eta Armendariz laneanJakina denez, Espainiako selekzioa ariko da aipatu Mundialean. 52 pilotari ariko dira selekzioan, horietatik 21 nafarrak, tartean Irurtzun taldean aritzen diren Etxarrengo Jose Javier Zabaleta eta Xuban Armendariz. Biek eskuzko modalitatean jokatuko dute, 36 metroko frontoian. Espainiako selekzioak orain arte 7 mundial irabazi ditu eta bera da Paueko Mundiala irabazteko faboritoa. Arerio gogorrenak Mexiko eta Frantzia omen dira. Ildo honetan, Euskal Herriko Pilota Koordinakundeko kideek (EHPK) eta ESAITekoek (Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldea) euskal selekzioaren aldeko aldarria eramango dute Pauera. "Inposizioen aurrean, guk geurea" lelopean kontzentrazioa egingo dute, Pilota Mundialaren aurkezpenean, Paueko pilotalekuaren kanpoaldean. "Ez goaz inoren aurka, baina gure herriaren eskubideak aldarrikatuko ditugu" adierazi dute.