Kontzejuak aurten frontoia estali nahi du

Guaixe 2013ko martxoaren 27a

Pilotan, palan, frontenisean, baloiarekin eta abarrekin jolasteko tokia da frontoia Etxeberrin. Festetako bazkari-afariak eta dantzaldiak ere hartzen ditu. Azken horretarako urtero karpa bat alokatu behar izaten du Etxeberriko Kontzejuak. Eta eguraldiak laguntzen ez duenean kirolik ere ezin da egin. Gauzak horrela, kontzejuak frontoia estaltzeko proiektua eskatu du. Javier Martija kontzeju buruak azaldu digunez, "egurrezko egitura izanen da guztia. Teilatua olatu baten modukoa da, frontoi gainean dagoen etxeari bista ez kentzeko". Toki entitateak ez zorpetzeko legea dela eta, Martijak azaldu digu ez diotela kontzejuari obra horrekin zorpetzen. Horregatik, kontzejua Arakilgo Udalarekin harremanetan jarri da bi erakundeen artean 100.000 euro inguruko aurrekontua estaltzeko. Kontzejuak 3 aurrekontu ditu esku artean. Finantziazioa lotu ondoren, gaitasunaren arabera, egitasmoa modu batera edo bestera gauzatuko da. Esaterako, harmaila jarri edo ez izan daiteke aukeretako bat.