Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Osasunako jokalariak presente zeudela, astelehenean bere produktu berria aurkeztu zuen Lacturalek: Lactuyogurrak, Nafarroako Ekoizpen Integratuan zertifikatuak. Naturala, marrubia, limoia, platanoa eta banilla zaporeko Lactuyogurrak merkaturatu ditu Etxeberriko enpresak. Esnea eta hartzigarriak besterik ez dira osagaiak. Koloratzailerik ez dutenez, yogurrak txuriak dira, esnea bezala. Lacturaleko presidente Juan Manuel Garrok azaldu zuenez, "lehengai onak, ekoizpen eta ontziratze prozesuak kalitate altuko produktua lortzeko aukera eman digu, ezaugarri organoleptiko nabarmenekin. Ondorioz, yogur krematsu, arin eta zapore atseginekoa". Lauko paketetan salgai daude. Lacturalek ekoizten dituen 10.000 milioi litro esnetik %5 bideratuko dute Lactuyogurrak egiteko. Esnearekin gertatu den moduan (%22ko merkatu kuota), Nafarroan erreferentziazko yogurrak bihurtzea nahi dute. Garrok aukera baliatu zuen Lacturaleren enpresa filosofia laburtzeko: "egitasmoa kontsumitzaileari errespetuan oinarrituta dago, kalitate irisgarria eskainiz; ingurumena errespetatuz, ekoizpen prozesu jasangarria erabiliz eta, azkenik, gizartearekin errespetuan, gauden tokian aberastasuna sortzea izan baita gure konpromisoa". ElkarlaneanLactuyogurrak hiru enpresen ahaleginaren fruitu da. Esnearen ekoizpena Lacturalek egiten du. Hura yogurt bihurtu eta ontziratu, berriz, Postres Ultzamak egiten du. Gabriel Zigandaren enpresak esnekien arloan duen esperientzia jarri du, Etxeberrikoek eskatzen zutena, hain zuzen. Yogurra egiteko prozesua Etxarri Aranazko Xalok-eko Ana Carmen Huarte dietista-nutrizionistak gainbegiratu du, katak eginez. Iruñeko Udaleko Gosaldu egunero programan kolaboratu ondoren, duela 4 urte Lacturalerekin elkarlanean hasi zen Huarte, "nutrizio arloan laguntza eman, hitzaldiak emanez, haien prestakuntzan" aritu izan da ere. Yogurtaren eguneroko kontsumoaren garrantzia aipatu zuen Xalok-ekoak: "kalitatezko yogur batek nutrizio balio altua du dituen proteina, karbono hidrato, kaltzio eta abarrengatik, elikagai oso bihurtuz".